Sopelako Udalak tokiko merkataritza sustatzeko deskontu bonuen kanpainaren bigarren aldia egingo du

Iratxe Ugartetxea

Guztira, hainbat sektoretako 40 saltokik egin dute bat ekimenarekin aurten. © SOPELAKO UDALA

Udaleko Toki Garapen sailak “Sopelan...puntuz puntu” deskontu bonuen kanpaina jarriko du martxan irailaren 17an, eta azaroaren 27ra arte pilatu ahal izango dira puntuak, bonuekaz trukatzeko. Apitropik enpresak kudeatutako kanpainak 80.000 euroko aurrekontu partida du.

Eguenetik aurrera, hilak 17, https://sopelanpuntuzpuntu.eus/eu/ plataforma erabilgarri egongo da, herritarrek kanpainan izena eman dezaten eta herriko tokiko merkataritzan egiten dituzten erosketekin puntuak pilatzen has daitezen. Guztira, hainbat sektoretako 40 saltokik egin dute bat ekimenarekin aurten.

Web aplikazioaren bidez, herritarrek uneoro kontsultatu ahal izango dituzte pilatutako puntuak eta bonuak, atxikitako saltokien mapa ikusi, zozketen jarraipena egin eta puntu gehigarriak emango dituzten dinamiketan parte hartu. 2025eko kanpainara atxiki ziren pertsonek ez dute berriro erregistratu beharko, datuak eguneratu besterik ez. Erabiltzaileek bonuak inprimatzeko aukera izango dute ere.

Puntuak pilatzea eta zozketak

Kanpainan gastatutako euro bakoitzak puntu bateko balioa izango du, eta pilatutako 40 puntu bakoitzeko 10 euroko deskontu bonu bat lortuko da, hurrengo erosketan trukatu ahal izateko. 10 euroko deskontuak, gehienez, 60 eurora arte pilatu ahal izango dira.

Hala ere, puntuak pilatzen jarraitu ahal izango da, eta puntu gehigarri horiei esker tarteko zozketetan parte hartu ahal izango da. Zozketak bi astean behin egingo dira, eta bakoitzean 10 euroko 20 bonu banatuko dira, bi aste horietan puntu gehien pilatu dituzten 100 pertsonen artean. Zozketak irailaren 25ean, urriaren 9an eta 23an, eta azaroaren 6an eta 20an egingo dira.

Horregaz batera, azaroaren 27an, kanpaina osoan puntu gehien pilatu dituzten 50 pertsonen arteko zozketa handi bat egingo da. Guztira 1.200 euro banatuko dira, hamar saritan banatuta: 300 euroko sari bat, 200 euroko bi, 100 euroko hiru eta 50 euroko lau. Sari guztiak 50 euroko bonuetan emango dira, eta bonuak 50 euroko erosketetan edo erosketa bakarrean gastatu beharko dira, abenduaren 12ra arte, egun hori barne. Irabazleen izenak udalaren sare sozialetan argitaratuko dira, Instagramen eta Facebooken.

Puntu gehigarriak lortzeko beste modu batzuk daude ere: bost saltoki desberdinetan erosketak egiten diren bakoitzean, 25 puntu gehigarri lortuko dira, eta hirugarren deskontu bonua trukatu ondoren aktibatzen den kanpaina baloratzeko testa betetzen duten lehen 100 pertsonek 20 puntu gehigarri jasoko dituzte.

Kanpainaren lehen egunetan, informazio puntu bat jarriko da herritarrentzako arreta gune gisa, Udal Pilotalekuaren alboan. Irailaren 17an 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:30era, eta irailaren 18an eta 19an 11:30etik 14:30era egongo da bertan. Horrez gainera, bihar, hilaren 16an, kanpainara atxikitako merkataritza sektorearekin informazio eta azalpen bilera bat egingo da, bereziki aurreko edizioan parte hartu ez duten saltokiei zuzendutakoa. Kurtzio Kultur Etxean izango da, 14:00etatik 16:00etara. Informazio gehiago lortzeko, empleo@sopela.eus helbidera idatzi edo 94 406 55 00 zenbakira deitu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun