Sopelako Udalak herriko baserri eta errotak jasotzen zituen ikerketa bat egin zuen 2025ean, eta ikerlan hori laguntza handikoa izango da Labayruren egungo lanerako. Horregaz batera, fundazioak Artxibo Historikoen araketa bat egingo du, eta bideo-grabazioak egingo dizkie herritar batzuei, idatzizko informazioa osatzeko eta alderatzeko. Labayruko kideak baserri ezberdinetara hurbilduko dira ere hurrengo egunetan argazkiak ateratzeko, inolako esku-hartze fisikorik izan gabe baserrietan.
Egitasmoaren emaitza liburuxka batean argitaratuko da, baserri bakoitzaren izen normalizatua (idatzizkoa), lekukoen ahotik jasotako ahozko aldaera, argazkia, informazio historikoa, dokumentuetan aurkitutako lehenengo aipamenak, eraikinaren berezitasunak edo ezaugarriak, toponimoaren gaineko informazioa eta aparteko jakingarriak bilduko dituena.
Eraztun Berdearen Kontseilutik sortutako proiektua
Proiektua Sopelako Eraztun Berdearen baitan bultzatu da, herriko ingurumen natural eta giro kulturala zaintzeko egitasmoa, eragile instituzional, politiko eta sozialen arteko lankidetzak garatutakoa. Egitasmoak ondare historikoa babesteko helburua ere badu, eta, ildo horretan, udalerriko mapa arkeologikoa osatu, herri bideen inbentarioa onartu eta Erroten eta Meñakoz herri bideak berreskuratu ditu Sopelako Udalak. Halaber, Udalak Eusko Ikaskuntzagaz hitzarmen bat du ere udalerriaren memoria historikoa bilduko duen ikerketa proiektu bat egiteko, Koldo Somokueto historialari urduliztarraren laguntzagaz.