Sopelako Udalak Eleizalde kaleko komisariako erreforma-lanak amaitu ditu

Iratxe Ugartetxea

Udalak erreformaren kostua gutxi gorabehera 702.000 eurokoa izan dela azaldu du.

Udalak azaldu duenez, erreformak gutxi gorabehera 702.000 euroko kostua izan du, eta inbertsio honi beste batzuk gehitu behar zaizkio: aparkaleku berri bat, ibilgailu berriak, bihotz-desfibriladoreak eta trafikoa zein abiadura kontrolatzeko eta murrizteko neurriak. Obrek iraun duten bitartean Udaltzaingo buruzagitza Doctor Landa kalean egon da kokatuta. 

Udaltzaingoaren instalazioak berritzeko obrak iazko otsailean hasi ziren eta, 2025eko amaieran amaitzea aurreikusten zen arren, erreforma 2026ko abuztuaren amaierara arte luzatu da. Arrazoia altzari eta ekipamenduen proiektuaren aldaketa izan da, bertan udal langileen zein zerbitzu teknikoaren proposamenak sartu baitira. Jarduera osoaren zenbatekoa 702.000 euro ingurukoa dela adierazi du Sopelako Udalak.

Horregaz batera, 2025ean Udaltzaingoarentzat bi auto hibrido erosi dira, 93.617,00 euroren truke. Halaber, auto horien aparkalekua Olabideko udal brigadaren pabiloitik Akilino Arriolako udal lokaletara eraman da, 7.538,30 euroko kostuagaz. Gainera, autoentzako bihotz-desfibriladore eramangarri berriak erosi dira. Material horren kostua 4.751,67 eurokoa da, eta azken urteetan Udaltzaingoak lau bizitza salbatu ditu berari esker.

Udalak trafikoaren kontrolean inbertitu du ere. Radar bat Ander Deuna Ikastola parean jartzeaz gain, 23.100,22 euroko instalazio-kostuagaz, trafikoa kontrolatzeko kamerak eredu aurreratuago batengatik ordezkatu dira, auto-fluxua kuantifikatzea ahalbidetzen duena, informazio estatistikoa biltzeko. Berritze honen kostua 12.261,49 eurokoa izan da.

Gobernu-taldeak azpimarratu du erreformak komisaria eredu berri bat proposatzen duela, beirateek kanpoko argia sartzea ahalbidetuko dutelako, ingurune atseginagoa eta irekiagoa sortuz, eta hurbileko Udaltzaingo ereduari erantzuten diola, baliabide publikoen erabilera eraginkorrean eta etorkizuneko ikuspegiagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun