Udalak Sopelbusaren ordutegiak egokitu ditu Iberre institutuko familien beharrei erantzuteko

Iratxe Ugartetxea

© SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak aldaketa batzuk ezarri ditu Sopelbus hiri-autobusaren neguko ordutegian –urritik maiatzerakoa–, Sopela BHI institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleek eguerdian etxera bueltatzeko autobusa erabili ahal izateko.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doako garraio publikorako eskubidea bermatzen die 2 kilometro baino gehiagora bizi diren DBHko 1. zikloko ikasleei –1. eta 2. maila–, baina 2. zikloan –3. eta 4. maila– muga hori 4 kilometrotara igotzen denez, Sopelmar edo inguruko eremuetan bizi diren hainbat ikasle institutuko autobus zerbitzutik kanpo geratzen dira.

Horren aurrean, institutuko guraso elkartea (IGE) eta hainbat familia Udalarekin harremanetan jarri ziren arazoa helarazteko, eta Udalak Sopelbusaren eguerdiko linea egokitzea erabaki du ikasle horiek erabili ahal izateko. Ikasleen goizeko joan-etorria jada bermatuta zegoen Sopelbusaren goizeko zerbitzuaren bidez.

Hauek dira ezarri diren ordutegi aldaketak: lehen 14:15etan Egoitzatik irteten zen zerbitzua orain 14:30tan irtengo da; lehen 14:30tan eta 15:30tan Atxaribildik ateratzen zirenak orain 14:45tan eta 15:45tan aterako dira; lehen 15:05etan eta 16:05etan Ander Deuna Ikastolatik irteten zirenak orain 15:15etan eta 16:15etan irtengo dira, eta lehen 16:30tan Atxabiribildik ateratzen zena orain 16:45tan aterako da. Aldaketa hauegaz Udalak Iberre institutuko familien eskaerari erantzutea, Ander Deuna Ikastolako ikasleei zerbitzua ematen jarraitzea eta Sopelbusaren bi lineen arteko lotura hobetzea bilatu du.

Sopelbusaren ordutegi eguneratu osoa Udalaren webgunean kontsulta daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun