Sopelako Udalak urrian abiaraziko du lan arloko laguntza-programaren edizio berri bat

Iratxe Ugartetxea

Programak bi ibilbide izango ditu: “Integra Empleo" eta "Smart Job".

Sopelako Udaleko Toki Garapen Arloak jarraitutasuna emango dio “Sopela Integra” laguntza-programari aurtengo ikasturtean. Programa Sopelan erroldatuta dauden eta lana bilatzen edo lan-hobekuntzan ari diren pertsonei zuzenduta dago.

Programak bi ibilbide izango ditu. Alde batetik, “Integra Empleo” dago, bereziki iraupen luzeko langabeei, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei, hizkuntza- edo digitalizazio-zailtasunak dituzten pertsona migratuei eta beren gaitasun pertsonal zein lanekoak sendotu nahi dituztenei zuzendutakoa. Ibilbide honek hiru orduko lantegi bat izango du hilabetean behin 2026ko urritik 2027ko maiatzera artean.

Beste aldetik, “Smart Job” ibilbidea dago, langabezian geratu berri direnei, lana hobetzeko prozesuan daudenei, beren birkokatzea azkartu nahi dutenei eta tresna digitalen oinarrizko erabilera dutenei zuzenduta dagoena. Ibilbide honek bi ekintza intentsibo izango ditu, lehenengoa 2026ko urrian eta bigarrena 2027ko martxoan, 15 ordukoa bakoitza.

Udalak azaldu duenez, aurreko edizioan 49 pertsonek parte hartu zuten programaren fase batzuetan, eta 15 pertsonak laneratzeko prozesuetan, Lanbideren prestakuntza ofizialean eta enplegu edo ekintzailetza programa zehatzetan amaitu zuten. Ibilbide bakoitzean 15 eta 20 pertsona artean parte hartu zuten, eta ibilbide bakoitzeko 5 pertsonek lan-merkatuan sartzea lortu zuten.

Aurtengo edizioaren aurkezpena urriaren 20an egingo da, 9:00etatik 14:00etara, Kurtzio Kultur Etxean (Mendieta Kalea 11, Sopela). Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Bestalde, programan izena emateko sopela@aldalan.com helbidera idatzi edo 94 406 96 26 zenbakira deitu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun