“Sopela Gustora” pintxo-txapelketaren bigarren edizioa urriaren 16an hasiko da

Iratxe Ugartetxea

Azken edizioko epaileak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen Arloak kanpainaren lehen edizioa antolatu zuen 2025ean, udalerriko ostalaritza-sektorea sustatzeko helburuagaz. Bi pintxo-txapelketa egingo dira: urriaren 16an, 17an eta 18an Larrabasterra auzoan, eta urriaren 23an, 24an eta 25ean Sopela erdialdean. Ibilbidea 18:00etan hasiko da ostiralero, eta sari-banaketa igandetan egingo da, ordu berean, Udaletxe plazan Sopela erdialdearen kasuan eta Urgitxieta plazan Larrabasterran.

Aurtengo edizioan 14 establezimenduk hartuko dute parte: 5 Larrabasterran (Bar Barinatxe, Bar El Parche, Café Dompy, Goxo Break eta Kux Kux) eta 9 Sopela erdialdean (Bar Ardo Berri, Cafetería Elizpe, Cafetería Txindor, Carpe Diem, Gaiztoak, Geltoki, Hor Konpon, La Kala eta Mur Mur).

Udalak azaldu duenez, lehenengo edizioaren ondoren, ostalaritza-sektoreak hurrengo edizioan sare sozialetarako edukia sortzearekin lotutako prestakuntza izatea proposatu zuen, eta, horrela, aurtengo irailaren 14an eta 15ean prestakuntza espezializatua eskaini zitzaien udalerriko establezimendu guztiei, txapelketan parte hartu ala ez. Horregaz batera, elkarrizketak egin zaizkie parte hartuko duten establezimenduei, eta aurkeztuko dituzten pintxoen argazki-profesionalak egin dira ere. Eduki hauek Instagramen eta Facebooken zabaldu dira.

Udalak adierazi du lehiaketak "ospe handiko epaimahai profesionala" izango duela, baita herritarren parte-hartzea ere, bozketa bidez. Herritarrek gutxienez 3 establezimenduren zigiluak dituen txartela erabiliz bozkatu ahalko dute, txartelak horretarako gaitutako hautetsontzietan utziz. Gainera, bozkak herri-zozketa batean parte hartzeko balio izango du ere; asteburu bakoitzean 100 euroko bi sari banatuko dira parte-hartzaileen artean, bata Larrabasterran eta bestea Sopelan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun