Sopelako Iturrieta parkeko skatepark berria eraikitzeko lanak hasi dira

Iratxe Ugartetxea

Udalak argitaratutako skateparkaren diseinuaren irudia. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak azaldu duenez, obren aurrekontua 48.398,54 eurokoa da, BEZa barne. Kirol-instalazio berria Larrondogane bidean kokatuko da, Ane frontoi eta rokodromoaren atzean dagoen parke-eremuan. Lanek hiru hilabeteko exekuzio-epea izango dute; beraz, skateparka urte berriaren hasierarako prest egongo da, aurreikusitakoaren arabera.

Udaletik adierazi dutenez, Udalak herritarren eta herriko gazteen eskaerari erantzunez bultzatutako proiektua da hau, eta kirol urbanoak (skateboarding, gurpil gaineko patinajea, surfskate...) sustatzea da bere helburu nagusia. Obretan ez dela zuhaitzik moztuko eta daudenak skateparkaren ingurura mugituko direla azaldu dute ere.

Proiektuak bowl edo katilu motako skatepark bat eraikitzea aurreikusten du: lurrean induskatutako sakonune bat izango da, 215,27 m²-ko azalerakoa eta hormigoi jarraituzko gainazal kurbatua duena. Horrez gainera, ertz nagusietan Ø60 mm-ko altzairu beltzezko coping hodiak jarriko dira, eta arrapalaren luzapenean pool coping motako akabera prefabrikatua erabiliko da. Udalaren arabera, parkearen diseinua hastapen-mailako kirolariei zein esperientzia handiagoa dutenei egokituta dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun