AEK 2027ko Esaera Zaharren Txapelketarako musikari, bertsolari eta epaileen bila dabil

Iratxe Ugartetxea Muelas

Esaera Zaharren Txapelketa AEKk urte luzeetan antolatutako ekimena da.

32. edizioa izango da 2027koa, eta antolakuntzatik aurreratu dutenez, apirilaren 17an ospatuko da, Sopelan urtero lez. AEKk behar dituen profilak aurkitzeko eta mezua zabaltzeko laguntza eskatu du.

Erakundeak azaldu duenez, azken urteetan gero eta zailagoa izaten ari da txapelketarako musikari, bertsolari eta epaileak topatzea, eta horiek "txapelketa ganoraz gauzatzeko ezinbestekoak" direla azpimarratu du. Musikariei dagokienez, trikitilari, panderojole, albokari eta abarrak bilatzen dituztela zehaztu dute, eta, bertsolarien kasuan, aldez aurretik idatzitako bertsoak abestu beharko dituztela azaldu dute.

Antolatzaileek horrelako talenturik edo prestutasunik duen edonor haiekaz harremanetan jartzeko eskatu dute, 688638387 zenbakira deituz edo esaera.zaharrak@aek.eus helbidera idatziz. Halaber, dohain horiek faltan dituztenei beste eskaera bat luzatu diete: mezua zabaltzen laguntzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun