#0KM - Berton bertokoa

Irantzu Begoña eta Jaione Madariaga: “Merkataritzak bizitza ematen dio herriari, negozioak itxita daudenean iluntasun itzela dago”

Irantzu Begoñak eta Jaione Madariagak gidatzen dute Sopelako Logroño kalean dagoen Laubide Pinturak

Laubide Pinturak 1992an sortu zen Sopelan, Laubide kaleko lonja txiki batean. Irantzu Begoñaren bi nebek eta Jaione Madariagaren senarrak hasi zuten negozioa, eta geroago Irantzuk eta Jaionek hartu zuten lekukoa. Handik urte batzuetara denda txiki geratu zitzaien eta egungo kokalekura aldatu ziren, Logroño kalera. Hala ere, negozioaren izena ez zuten aldatu, hasierako kaleari zor diote. Gaur egun, 34 urte daramatzate herria kolorez margotzen.

Produktuari dagokionez, pintura da dendaren ardatza, baina horma-paperak, zoruak eta arte produktuak ere badituzte. Horrez gain, pintura-zerbitzuak eskaintzen dituzte. Jaione Madariagak dio eskarmentuak eta zuzeneko harremanak ezberdintzen dituela beste dendengandik: "Urte asko daramagu hemen lanean eta hori da gure berezitasuna. Harreman zuzena dekogu bezeroagaz eta hurbiltasun hori saltoki handietan ez dugu topatzen". 

Era berean, kalitatea eta bermea eskaintzen dutela azpimarratu du bikoteak; beraz, edozein eroslek margo txar bat jasoko balu, dendara bertaratu eta arazoa konpontzeko prest daudela argi dute. "Edozein zalantzetarako hemen gaude, esperientzia dugu eta bermea ere eskaintzen dugu. Gainera, langile onak ditugu. Urte askotako langileak eta konfiantzazkoak dira, eta hori jendeak eskertzen du", dio Madariagak.

Irantzu Begoñak dio sopelakoak direla betidanik eta Sopelan sortu zirela negozio moduan. Egunerokoan jendearekiko harreman hurbila asko gustoko du, baina autonomoa izatea ez dela erraza mahaigaineratu du: "Jendeagaz harremana polita da eta guk asko gustuko dugu. Baina orokorrean denda txikiak gainberan dauz eta latza da jarraitzea, bai guretzat eta bai beste negozioentzat ere", aitortu du Begoñak. 

Jaione Madariagak argi du merkataritza txikien bizitza herritarren esku dagoela modu batean, eta udaletxeek ere ardura hartu behar dutela. Arazo nagusitzat aparkalekua dute. Madariagak gogoratu du lonja erosi zutenean errepidetik sarrera zuzena zeukatela, eta hori erabakigarria izan zela: "Pintura saltzeko kotxearentzat sarrera zuzena edukitzea garrantzitsua da, pintura garraiatzeko erraztasuna eduki behar duelako erosleak". Gero sarrera hori kendu eta salmentetan asko nabaritu zuten. Argudiatu du bezeroek ezin dutela 25 kiloko pintura pote bat erosi urrun aparkatu badute. Egoerari erantzuteko etxera eramateko zerbitzua jarri zuten martxan, eta Sopelako Udalatik oinezkoen gunean zamalanak egiteko baimena lortu zuten. Hala ere, ez da asko erabiltzen: "Jendeari ez dio konfiantzarik ematen eta ez da gune peatonalera kotxeagaz sartzen; guk insistitzen dugu, baina ez dira sartzen. Horrek kalte itzela egin digu", dio Begoñak.

Errelebo eza

Sopelako mostradoreen atzean dagoen profila argia dela diote, oro har, emakumeak eta 50 urtetik gorakoak dira. "Jubilatuko gara eta zer geratuko da Sopelan?", galdetzen dio bioteak bere buruari. Uste dute hurrengo urteetan denda asko itxiko direla, erreleborik ez dagoelako eta herrian erosteko ohiturarik bez.

Bestalde, gazteek ez dutela tokiko merkataritza asko kontsumitzen, eta internetek zein saltoki handiek kalte handia egin dutela uste dute. Hala ere, Begoñak argi dauka merkataritzaren garrantzia: "Merkataritzak bizitza ematen dio herriari". Interneten eta saltoki handietan erosteko modak amaiera edukiko duela uste dute, eta agian, urte asko barru, egoera aldatuko dela diote: "Internet eta plataforma handietatik erosteaz saturatzen garenean, beharbada hasiko gara baloratzen tokiko merkataritza". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun