Amaitu da Sopela Gustora pintxo-txapelketaren bigarren edizioa

Iratxe Ugartetxea Muelas

El Parche eta Gaiztoak tabernak izan dira edizio honetako irabazleak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak bultzatutako ekimenaren baitan bi pintxo-txapelketa ospatu dira, lehenengoa urriaren 16tik 18ra Larrabasterra auzoan, eta bigarrena urriaren 23tik 25era Sopela erdialdean. Udalak jakinarazi du El Parche tabernak lortu duela Larrabasterrako lehen saria eta Gaiztoak tabernak irabazi duela Sopelako erdigunean.

Larrabasterrako lehiaketako establezimenduei dagokienez, irabazleak El Parche (1.), Kux Kux (2.) eta Barinatxe (3.) izan dira, eta publikoak El Parche aukeratu du gogokoen gisa. El Parche tabernako pintxo irabazleak "Gure Sustraiak" du izena, eta honako hauek dira bere osagaiak: arepa, glasatutako iberiar hirugiharra, guakamolea, fruta tropikala eta txerri-azal kurruskaria.

Bestalde, Sopela erdiguneko lehiaketan, irabazleak Bar Gaiztoak (1.), Hor Konpon (2.), Ardo Berri (3.), Carpe Diem (4.) eta La Kala (5.) izan dira, eta azken hori aukeratu dute herritarrek gogokoen gisa ere. Gaiztoak tabernako pintxo irabazlea "Lorea" deitzen da, eta hauek dira bere osagaiak: orburua, masaila, tipula karamelizatua, perretxikoak, eta orburuaren bihotzagaz, Ibarrako piperrekaz, tabaskoagaz eta zitrikoekaz egindako tartarra.

 

                           "Gure Sustraiak" eta "Lorea". © SOPELAKO UDALA

Epaimahai profesionala Ainara Arce eta Manuel Gomez sukaldariek eta Mariely Heras sukaldaritza zale sopeloztarrak osatu dute. Epaimahaiaren sariez gain, 100 euroko bi sari banatu dira zozketa bidez herritarren artean, bana lehiaketa bakoitzeko.

Bigarren edizio honetan, guztira 14 establezimenduk hartu dute parte: Bar Barinatxe, Bar El Parche, Dompy kafetegia, Goxo Break eta Kux Kux Larrabasterran; eta Bar Ardo Berri, Elizpe kafetegia, Txindor kafetegia, Carpe Diem, Gaiztoak, Geltoki, Hor Konpon, La Kala eta Mur Mur Sopela erdigunean. Udalaren arabera, lehiaketan zehar lokalek batez beste 500-600 pintxo saldu dituzte eta, horrela, aurreko urteko lehen edizioko datuak gainditu dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun