Ordenantzak foru-araudian aurreikusitako gutxieneko tarifak ezartzen ditu turismo-ostatuen kategoria desberdinetarako, turismo-erabilerako etxebizitzen kasuan izan ezik, horiei tarifa maximoa aplikatuko baitzaie: euro bateko tarifa aplikatuko da 2 izarreko hoteletan; 0,75 eurokoa landa-etxe, aterpe eta camping-etan, eta 6,50 eurokoa turismo-erabilerako etxebizitza eta logeletan.
Udalak azaldu duenez, zerga aldi baterako egonaldi-unitate bakoitzari aplikatuko zaio, hau da, pertsona batek turismo-ostatu berean egiten duen etengabeko egonaldiaren egun edo egun zati bakoitzari. 24 ordu baino gutxiagoko egonaldiak egonaldi-unitate bakartzat hartuko direla eta ostatu berean egindako etengabeko egonaldi bakoitzeko gehienez sei egonaldi-unitate ordainduko direla zehaztu du ere.
Udalaren esanetan, kuoten arteko aldakuntzaren helburua turismo-erabilerako etxebizitzen eta gelen aurrean ostatu-zerbitzu tradizionalak sustatzea da, eta planteamendu horrek bat egiten du Sopela etxebizitza-eremu tentsionatu izendatu izanagatik garatzen ari diren etxebizitza-politikekin.
Izan ere, Udalaren Toki Garapen sailak Bizibizikiri agindutako udalerriko turismo-erabilerako etxebizitza eta gelei buruzko azterlanaren arabera, Sopelan egun aldi baterako egonaldietarako 1.181 plaza daude, eta horietatik 436 Turismo Erabilerako Etxebizitzenak eta Turismo Erabilerako Gelenak dira, etxebizitzaren gaineko presioa areagotzen dutenak. Azterlanak erakutsi du ere azken 9 urteetan Turismo Erabilerako Etxebizitzen hazkunde azkarra eta indartsua egon dela, bereziki azken 3 urteetan.
Horrez gainera, Udalbatzak zenbait tasa eta zergen eguneraketa ere onartu ditu: ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, 12 eta 13,99 zaldi fiskal bitarteko autoei aplikatzen zaien koefizientea igoko da, 2,3636tik 2,4000ra (hau da, 2,19 euro gehiago), baita ziklomotorrei eta motozikletei aplikatzen zaien koefizientea, 2,15etik 2,30era, eta hondakinen tasari dagokionez, etxebizitzek ordaindu beharreko kuota 152,35 eurotik 153,40 eurotara igaroko da (hau da, 1,05 euro gehiago).
Horregaz batera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzen diren ondasun higiezinek ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) kuotaren % 50eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute. Hobari hori aplikatzea eskatu beharko da, eta kargatzeko puntua jartzen den ekitaldi berean aplikatuko da zergaren sortzapenaren urteko martxoaren 31 baino lehen aurkezten denean eskera, eta hurrengo ekitaldian data horren ondoren aurkezten denean. Eskaeragaz batera, kargatzeko puntua martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da ere dagokion Eusko Jaurlaritzako sailean. Hobaria urtero eskatu beharko da.
Udalak esan du zerga eta tasen inguruan hartutako erabaki horiek jendaurrean jarriko dituztela eta 30 egun balioduneko epea egongo dela erreklamazioak eta oharrak aurkezteko.