Sopelako Udalak udalerriko ekintzaileei eta enpresei zuzendutako zerbitzu berria jarriko du martxan

Iratxe Ugartetxea Muelas

Zerbitzua 2027ko urtarrilean abiaraziko da.

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak UHIN | Sopela Networking zerbitzua abiatuko du 2027ko urtarriletik aurrera, prestakuntza-saio ezberdinak eta aholkularitza eskainiko dituena. Udalak azaldu duenez, ekimenaren helburua negozioen garapenean laguntzea eta tokiko enpresen arteko lankidetza sustatzea izango da.

Udalak aurreratu duenez, zerbitzuak hiru lan-ildo osagarri izango ditu: prestakuntza praktikoa, negozioen eguneroko kudeaketari lotutako prestakuntza-saio laburrak eskainiko dituena; networking topaketak, beste proiektu batzuk ezagutzeko, erronkak eta esperientziak partekatzeko eta lankidetza-aukerak aztertzeko aukera emango duena, eta banakako aholkularitza, banakako arreta eskainiko diena bai negozio-ideia bat garatzen ari diren pertsonei bai beren jarduera sendotu edo birbideratu nahi duten enpresei.

UHINen hasiera ekitaldia 2026ko abenduaren 17an izango da, goizez, Kurtzio Kultur Etxean (Mendieta kalea 11). Zerbitzuaren aurkezpena eta networking saio bat egongo dira. Udalak adierazi du egitarau osoa eta jardueren xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun