Naiara Hernandez eta Manuela Otero betidanik aritu dira batera dantzan. 2018an haien lanbideak alde batera utzi, eta elkarregaz Arima Dantza Eskola sortzea erabaki zuten. Bikoteak dio gaztetatik dantza eskolak jasotzeko Bilbora joan behar zutela, Uribe Kostan ez zegoelako eskaintzarik.
"Gogoei ematen diegu garrantzia, ez mailari"
Eskolan dantza ez dute diziplina zorrotz moduan ulertzen, gozamenezko eta terapiazko ekintza gisa baizik: "Gogoei ematen diegu garrantzia, ez mailari". Sartzeko probarik eta azterketarik ez dituztela egiten nabarmendu dute. "Bakoitzak bere erritmoa, lekua eta taldea du, eta nahi duen bidaia egin dezake". Hala ere, eskolan hasi diren eta kanpoan dantza ikasten ari diren ikasleak ere badituztela adierazi dute.
Bikoteak dantza arimatik ateratzen den adierazpena edo mugimendua dela dio, horregatik jaso zuen eskolak bere izena. Arimatik dantza egitera bultzatzen dituztelako ikasleak. Eskolan izpiritu hori oso presente dute, sarrerako horman: "Jar ezazu arima dantzan", esaldia dute.
Eskaintza zabala
Arima eskolak estilo ugari eskaintzen ditu: dantza kreatiboa, modernoa, urbanoa, komertziala, dance hall, baleta, jazz, afroa eta dantza garaikidea. Estilo bakoitzak bere irakaslea du, eta guztira 15 bat irakasleko taldea osatzen dute. Dantzaz gain, entrenamendu funtzionala, pilatesa eta TRX-a ere eskaintzen dituzte, batez ere goizetan.
Dantza eskolara ume asko doaz: "Sopela erdia dator", esan du bikoteak barrezka. Heldu kopurua ere gero eta handiagoa da: "Heldu askok esaten digute eskertzen dutela dantzatzera etorri, eta inork ez esatea gaizki egiten dutenik".
Hernandezen ustez, dantzan garrantzitsuena ez da pieza bera, atzean dagoen prozesu sortzailea baizik: gorputza ezagutzea, emozioak kanporatzea, taldean lan egitea eta sortzea. Barruko lan sakon hori egiten dute ere, nahiz eta esplizituki helarazten ez duten. "Dantza ez da TikTok-eko pausuak kopiatzea. Barrutik ateratzen den zerbait da, arimatik ateratzen dena", azaldu dute. Dantza artea eta prozesu sortzailea dela eta bakoitzak bere moduan adierazten duela mahaigaineratu dute.
Etorkizunera begira, Sopelan jarraitzeko asmoa dute. "Konturatu gabe izen bat egin dugula uste dugu. Erreferentziazkoa den dantza eskola lortu dugu", dio bikoteak. Uribe Kostako erreferente izaten jarraitu gura dute, betiere eskolaren gertutasuna galdu gabe.
Dantzan hasteko beldurra edo lotsa duenarentzat, mezu argia dute: joan probatzera. "Dantza klase oso formal eta zorrotz baten ideia izaten du jendeak, baina hona sartzen direnean lasaitu egiten dira. Gu arduratuko gara bakoitza bere mailara egokitzeaz". Klaseak probatzeko aukera ematen dute; Instagramen, webgunean edo telefonoz informazioa guztia kontsultatu daiteke, baina hoberena eskolara hurbiltzea da.