Euskararen inguruko gogoeta saioak egin dituzte Sopelan, "Bizkaian Bagara" egitasmoaren baitan

Iratxe Ugartetxea Muelas

Sopelan egindako saioetan parte hartu zuten herritarrak. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA ETA TAUPA

Urrian zehar hiru gogoeta saio egin dira herrian (urriaren 1ean, 15ean eta 29an), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean garatzen duten “Bizkaian bagara. Berbak zubi” programaren baitan. Antolatzaileek saio horiek tokiko euskaltzaleak aktibatu eta euskararen erabileraren inguruko hausnarketa sustatzea zutela helburu adierazi dute.

Behin saioak amaituta, ateratako ondorioak partekatu dituzte antolatzaileek. Azaldu dutenez, euskarak Sopelan bizitzen duen egoeraren inguruan hausnartu zuten parte hartzaileek, eta hori hobetzeko egin daitekeenaren inguruan aritu ziren ere. Egoera hobetzeko kontuan hartu beharreko sektoreen artean, aisialdia (kultura eta kirola barne), sentsibilizazioa eta elkarteak izan zituztela berbagai adierazi dute.

Antolatzaileek jakinarazi dute hainbat partaidek erabaki dutela herritar orori irekitako laugarren saio bat egitea, gogoeta horietatik ekintzara pasatzeko elkarlanean aritzeko helburuagaz. Bilera hori azaroaren 12an egingo dela zehaztu dute, arrastiko 18:30ean Kurtzio Kultur Etxean (Mendieta kalea 11).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun