Sopelako Udalak, BBKk eta Kultibak "BBK Landa Eremu Art" ekimenaren edizio berri bat abiatu dute

Iratxe Ugartetxea Muelas

Proiektuaren helburua sorkuntza artistikoa Bizkaiko landaguneetara hurbiltzea dela azaldu du Udalak. © SOPELAKO UDALA

Udalak adierazi duenez, proiektuak sorkuntza artistikoa Bizkaiko landaguneetara hurbiltzea bilatzen du, herritarren parte-hartzetik abiatuta kultur proiektuak garatzeko baliabideak eta laguntza eskainiz. Edizio bakoitzean, leku eta kultur proiektu desberdin bat aukeratzen dira eta, laugarren edizioa izango den honetan, proiektua Sopelan garatuko da, Olatz Gorrotxategi antzerkigileak gidatuta.

Udalak azaldu duenez, antzerkigilearen proposamena Sopelako herritarren parte-hartzetik eta talde eragile bategaz egindako lanetik abiatuko da, herriaren historia, nortasun eta interesak aztertuz, Sopelarentzat garrantzitsuak diren gaiak identifikatu eta proiekturako kontuan izan ahal izateko.

Ekimena datorren astelehenean, hilak 9, aurkeztuko da, arrastiko 19:00etan Sopelako Musika Eskolan (Iberre kalea 5). Saio horretan parte hartuko dute Alex Ygartua Kultibako bitartekariak, Guruzne Carrasson Torrontegi Sopelako alkateak, Itziar Lazaro Ardanza Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Udaleko Kultura Saileko teknikariek eta Olatz Gorrotxategi artistak. Udalak aurreratu du herrian garatuko den proiektu eszenikoaren nondik norakoak eta bertan parte hartzeko modua azalduko direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun