Planak etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko sustapen berriak aurreikusten dituela adierazi du Udalak. Horretarako eremu nagusia Abaro izango da, non 602 etxebizitza proiektatzen diren; horietatik 490 babes ofizialekoak izango dira eta 112 libreak. Garapena ebazteke dagoen kasazio-errekurtso baten mende dagoela esan du Udalak. Horregaz batera, Ripa eremuan, Udalak Hiri Antolamentuko Plan Orokorrara aldatuko du bertako etxebizitzen % 75ek babes publikoren bat izan dezaten. Udalak azaldu du Sopelako udal-lursailetan zuzkidura-bizitokien eraikuntza aztertzea aurreikusten duela ere, baita cohousing edo etxebizitza partekatuak bezalako aukerak.
Okupatu gabeko etxebizitzak mobilizatzea da planaren beste ardatzetako bat. Udalak iraganean egindako diagnostikoaren arabera, inor erroldaturik ez duten 805 etxebizitza identifikatu ziren herrian, eta Alokabideko hitzarmenaren bidez alokairu eskuragarrian txertatzeko lan egingo dela esan du. Gainera, Udalak Bizigune programara batutako etxebizitzen IBIaren hobaria % 50etik % 99ra igotzea eta inor erroldaturik ez duten egoitza-higiezinen gaineko karga % 150era handitzea aurreikusten du. Horregaz batera, lokal hutsak udal-etxebizitza tasatu bihurtzea errazteko araudia berrikusten eta erabilera turistikoko etxebizitzak erregulatzeko ordenantza espezifikoa prestatzen ari dela azaldu du ere.
Horrez gainera, Udalak esan du planak erraztasunak eman nahi dizkiela gazteei Gaztelagun eta Emantzipa programen bidez. Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonentzako larrialdi sozialeko laguntzak emango direla ere gehitu du.