Sopela ProAm pala txapelketaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Iratxe Ugartetxea Muelas

Aurkezpenean Sopelako Udalak, Kurene pilota elkarteko arduradunak eta txapelketan lehiatuko diren hainbat palistek parte hartu zuten.

Atzo, hilak 9, Sopela ProAm pala txapelketaren bigarren edizioa aurkeztu zuten Udalak, Kurene pilota elkarteko arduradunak eta txapelketan lehiatuko diren hainbat palistek. Udalak azaldu duenez, aurtengo edizioak aro berri bati ekingo dio, autogestioaren aldeko apustuagaz; izan ere, palistek beraiek antolatu dute txapelketa, Udalaren eta Kurene elkartaren laguntzagaz.

Txapelketak formatu berezia eta berritzailea izango duela adierazi du Udalak: bikoteka jokatuko den arren, ez da bikote finkorik egongo; hau da, jardunaldi bakoitzean bikoteak aldatuko dira, aurrelari guztiek atzelari guztiekaz jokatu arte. Partidak 3 setetara jokatuko direla (lehen biak 15 puntukoak eta hirugarrena, behar izanez gero, 10 puntukoa), eta, ligaxkako fasea amaitutakoan, aurrelariak eta atzelariak sailkapenaren arabera nahastuko direla finalerdiak eta finala jokatzeko azaldu du ere.

Partida guztiak Sopelako udal pilotalekuan jokatuko dira, arrastiko 19:30ean, azaroak 16, 23 eta 30an, eta abenduaren 14an finala ospatuko da. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatuko direla zehaztu du Udalak.

Aurkezpena egiteaz gainera, atzo lehen jardunaldiko bikoteen zozketa egin zen ere, eta hauek izan ziren emaitzak: lehen partidan, Iñaki Urrutia eta Roman Maldonado Asier del Rio eta Pablo Fusterren aurka lehiatuko dira, eta bigarren partidan, Ibai Perez eta Esteban Gaubeka Iker Gordon eta Jagoba Madariagaren kontra arituko dira.

Sopelako Kurene Pilota Elkarteak txapelketa honetan munduko palista onenak ikusteko aukera egongo dela azpimarratu du, herrian bertan, eta jardunaldietan musika, dj-a, kamiseten zozketak eta beste hainbat sorpresa egongo direla ere iragarri du.

Antolatzaileek gogorarazi dute sarrerak eta bonoak salgai daudela jada. Jardunaldi bakoitzerako sarrerak 10 euroan eskura daitezke, finalerako sarrera 15 euroan, eta partida guztietarako bonoa 30 euroan, Sopelako udal pilotalekuan kartelean zehaztutako egunetan eta orduetan. Horregaz batera, Udalak bere sare sozialen bidez bi sarrera bikoitz zozkatuko dituela jakinarazi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun