Sopelako Urkoko hezeguneko bide berriak egiteko lanak abiatu dira

Iratxe Ugartetxea Muelas

Obraren bidez, duela gutxi egindako zurezko pasarela eta URA egiten ari den bideak lotuko direla adierazi du Sopelako Udalak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak eta URAk (Uraren Euskal Agentzia) elkarlanean abiatutako Urko ibarreko ingurumena lehengoratzeko eta paisaia egokitzeko lanen testuinguruan, bide berriak eraikitzeko lanak hasi dira eremuan. Obra horren bidez, duela gutxi egindako zurezko pasarela eta URA egiten ari den bideak lotuko direla adierazi du Udalak.

Udalak azaldu duenez, jarduketa honen helburu nagusia hiri-hezegune berri bat sortzea da, 10.000 metro koadro inguruko azaleran (udal kiroldegiaren eta Ugeragako futbol-zelaiaren parean), Gobela eta Lemotza ibaien arteko espazioaren balio ekologikoa nabarmen hobetzeko. Proiektuak 3.000 metro karratu baino gehiagoko ur-xafla iraunkorra, uretako hegazti eta anfibioentzako habitatak, eta uharte txikiak aurreikusten dituela zehaztu du.

Horregaz batera, ekimenaren bidez biodibertsitatea handitu gura dela esan du Udalak, baso atlantikoetako berezko landaredi autoktonoa berreskuratuz eta espezie inbaditzaileak kenduz. Gainera, oinezkoentzako bide berri baten bidez, herritarrei naturagaz harremanetan jartzeko espazio irisgarri eta jasangarri bat eskaintzen zaie, Udalaren esanetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun