#0KM - Berton bertokoa

Nahia Andres Bilbao: "Oinak dira gurputzaren oinarri eta zutaberik potentenak"

Oinutsik Podologian gizakia osotasunean artatzen da eta ez gaixotzen den oin soil eta bereizi moduan

Duela hogei urte Nahia Andres erizain eta podologoak Oinutsik Podologia ireki zuen Sopelan. Oinak gorputzaren oinarritzat hartzen ditu, baina bere lana ez du arazo fisikoak tratatzera mugatzen. Pertsonak osotasunean ulertzea, emozioei erreparatzea eta bezeroekaz harreman hurbila izatea dira bere lan egiteko moduaren ezaugarri nagusiak.

"Oinak gorputzaren zutaberik eta oinarririk garrantzitsuena dira; nire aburuz, gorputzeko atal bakarra da benetan egia esaten duena", azaldu du Nahia Andresek. Oinak zintzoak direla uste du, hauek gure benetako egoera fisiko zein emozionala islatzen dutelako. Horregatik, oinak lantzeaz gain, pertsona bakoitzaren egoera ulertzen ahalegintzen da. Izan ere, podologia lana egiten duela baina oinetatik lan emozional sakona egiten duela adierazi du: "Emozioak niretzako oso garrantzitsuak dira".

Kontsultan gehien artatzen duen arazoetako bat papilomak dira, baina oinen osasunean eragina duten beste hainbat alderdi ere aztertzen ditu. Elikadurari, bizimoduari eta egoera emozionalari garrantzi handia ematen die, eta eguneroko ohiturek gorputzean duten eragina azpimarratzen du. Gainera, azken urteotan oinetakoen modan izandako aldaketak ere nabarmendu ditu. Orokorrean barefoot oinetakoen erabilera positibotzat jotzen du, oinei mugitzeko eta zabaltzeko askatasun handiagoa ematen dietelako. Zapatek dituzten plataforma gogorren inguruan, barriz, kontrako iritzia du: "Oso oinetako gogorrak eta zurrunak dira, eta oinen mugimendu naturala mugatzen dute".

Oinetakoen aukeraketak emakumeengan duen eragina ere aipatu du podologoak. Haren iritziz, presio estetikoak emakumeen oinetan eragin handiagoa izan du historikoki: "Emakumeok takoiak eta oinetako estuak eraman behar izan ditugu urte luzez; gizonezkoek, ostera, ez dute horrenbesteko presiorik izan". Egungo barefoot eta kirol oinetakoen moda "izugarrizko bedeinkapena" izan dela uste du, forma erosoago hauek gure oinaren egitura naturala gehiago errespetatzen baitute.

"Oinak gorputzeko atal zikin eta desatsegintzat hartzen ditugu, eta horrek min handia ematen dit"

Era berean, gizartean oinen zaintzak ez duela behar besteko garrantziarik azaleratu du: "Normalean, lotsa ematen digute gure oinek. Gorputzeko atal zikin eta desatsegintzat hartzen ditugu, eta horrek min handia ematen dit". Oinak zaintzea guztiontzat beharrezkoa dela defendatzen du Andresek, nahiz eta askotan gorputzaren beste atalei lehentasuna ematen diegun: "Denok zaindu beharko genituzke oinak, baina ez dira lehentasun bat ez ditugulako egunerokoan erakusten". Ule-apaindegira joateari ematen diogun garrantzia jartzen du adibide gisa; gure ulea egunero ikusten dugunez eta besteek ere ikusten dutenez, gehiago zaintzen dugula dio, baina oinekaz ez dugula gauza bera egiten.

Egunerokoan oinak zaintzeko norberak bere oinei arreta eskaintzea eta haien lana eskertzea aholkatzen du: "Oinak zein ederrak diren ohartzea eta gure alde egunero egiten duten lana eskertzea besterik ez dut eskatzen". Oinak tximeleta baten hegoekaz alderatzen ditu, lurzoru eta egoera desberdinetara egokitzeko duten gaitasunagatik. Zoritzarrez mugatu eta preso bezala tratatzen ditugula uste du; zapata estuetan sartuz, baztertuz eta hidratazio nahikoa eskaini barik. "Hala ere, oinek egunero eusten diote gure gorputzari", aldarrikatu du.

Energiaz beteriko espazioa

Oinutsik Podologiaren bereizgarrietako bat bezero bakoitzari eskaintzen dion arreta pertsonalizatua da. Podologoak hasieratik izan zuen argi giro berezia zuen espazioa sortu gura zuela: "Nire ametsa beti izan da energia oso polita duen leku bat sortzea, bezeroei ahalik eta ongizate handiena eskaintzeko eta hemendik energia onenarekin ateratzeko".

Lan egiteko modu horretan, denbora eta bezeroarekiko konexioa funtsezkoak dira Andresentzat. Bere ustez, begietara begiratzea, elkar entzutea eta komunikatzea ezinbestekoak dira harreman horretan. "Niretzat gizaki izatea horixe da: besteari begietara begiratzea, harekin konektatzea eta elkar entzutea. Pixkanaka galtzen ari garen zerbait da hori", gaineratu du.

Gertutasuna eta herriari lotutako izaera ere bere negozioaren bereizgarritzat jo ditu. Getxokoa da eta Urdulizen bizi da, baina argi izan zuen kontsulta Sopelan ireki gura zuela. "Herriko giroa eta gertutasuna oso gustuko ditut. Herri txikia ez da infernua handia niretzat, paradisua baizik", adierazi du Andresek. Familiarteko giroa gustuko du, eta bezeroekiko harreman estuak garrantzia du bere kontsultan.

Bere lanaren bereizgarri nagusia, hain zuzen ere, pertsona osotasunean ulertzeko modua da. Bere burua emakume indartsu eta ideiak argi dituen profesionaltzat definitzen du, eta gertutasuna eta familiarteko giroa eskaintzea ditu helburu. Ez du bere burua ohiko podologo gisa ulertzen, ez baititu oinen arazo isolatuak aztertzen: "Hemen gizakia osotasunean artatzen dut, izaki bio-psiko-emozional gisa, eta ez gaixotzen den oin soil eta bereizi moduan".

Andresek arazoaren sustraia arakatzea eta norberaren burua ezagutzea ditu lanaren oinarri. Bere ustez, norbere burua zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta gehiago maitatuko ditugu gure oinak ere. Oinutsik Podologian, oinak zaintzea norbere burua zaintzeko beste modu bat da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun