Bihar hasiko da Sopelako aurtengo Olentzero eta Mari Domingiren marrazki lehiaketa

Iratxe Ugartetxea Muelas

Xare Paskal Aparicioren marrazkia, azken urteko 8-10 urteko kategoriako irabazlea. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak haur eta gazteentzako marrazki lehiaketaren beste edizio bat antolatu du. Bost kategoria egongo dira: 4-6 urte, 7-8 urte, 9-10 urte, 11-12 urte eta 13 urtetik gora. Lanak Kurtzio Kultur Etxean aurkeztu ahalko dira azaroaren 20tik 27ra, astelehenetik barikura 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta aste-akabuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Udalak azaldu duenez, gaia Olentzero eta Mari Domingi Sopelan izango da, eta marrazkiak gutxienez A4 tamainakoak izan beharko dira, hau da, ohiko orri bat. Teknika librea izango da, eta irudiak erabat originalak izan beharko dira.

Horrez gainera, Udalak zehaztu du marrazkiek atzetik ezizen bat izan beharko dutela, eta kanpoan ezizen berdina eta barruan egilearen datuak (izena, adina, helbidea eta telefonoa) dituen gutun-azal itxi bategaz aurkeztu beharko direla.

5 sari banatuko dira, kategoria bakoitzeko bat, eta marazki irabazleetako bat Olentzero eta Mari Domingiren gaua iragartzeko postalaren irudia izango da, Udalaren esanetan. Sari-banaketa abenduaren 23an izango da, arrastiko 18:00etan, Kurtzio Kultur Etxean, eta, bertan, lanak ikusgai egongo dira ere abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun