Malen eta Aratzen espetxeratzea eta eskubide urraketak salatzeko mobilizatuko dira bihar Sopelan

Iratxe Ugartetxea Muelas

Kontzentrazioa zapatuan egingo da, azaroak 21, 20:30ean Sopelako udaletxeko plazan. © ASKE

Aske antolakundeak egoera "oso larritzat" jo du, eta salatu du "Audientzia Nazionalak desobedientzia ekintzak terrorismotzat" hartu nahi dituela eta epaiketan kondenarik badago "aurrekari oso arriskutsu bat" ezarriko dela. Horren aurrean, Euskal Herrian erantzun bat antolatzeko beharra adierazi du. Kontzentrazioa 20:30ean egingo da, Sopelako udaletxeko plazan (Sabino Arana Kalea 1).

Antolakundeak adierazi du azaroaren 17an hilabete bat bete zutela Malenek eta Aratzek Estremerako espetxeko isolamendu ziegetan, eta "euren eskubideak etengabe urratzen dituztela" salatu du. Askek azaldu duenez, Maleni ez diote deiak egiten uzten eta patio orduak murrizten dizkiote; ondorioz, egun askotan 23 ordu eta 30 minutu ematen ditu ziega barruan bakarrik. Aratzi ere patio orduak murrizten dizkiotela, bere ziegan dagoen leihoa apurtuta dagoenez haizea eta euria sartzen dela bertan, eta ez diotela utzi lentillak, betaurrekoak eta sufritzen dituen migrainetarako botikak sartzen salatu du ere.

Horrez gainera, antolakundeak gogorarazi du dispertsio politika pairatzen dutela bai eurek bai euren familiek, eta Malen eta Aratzen senideek hilabete bakar baten 5.734 kilometro egin dituztela, "horrek suposatzen duen karga fisiko eta psikologikoagaz", esan du.

Kontzentrazioa "Malen eta Aratzen berehalako askatasuna exijitzeko" deitu duela azaldu du Askek. Izan ere, antolakundeak argi du Malen eta Aratz "euren militantzia politikoagatik" izan direla espetxeratuak, eta ikusten du "hedabide espainolistek etengabe militantzia independentista eta sozialista jarri dutela jopuntuan hau kriminalizatzeko eta Euskal Herri Langilea beldurtzeko eta diziplinatzeko asmoz". Horren aurrean, militantzian berrezten direla eta inoiz baino garrantzitsuagoa dela kalean erantzun bat antolatzea adierazi dute antolakundetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun