Sopelako Udalak 43 aparkaleku berri sortuko ditu Sipiri eta Ripa kaleen inguruan

Iratxe Ugartetxea Muelas

Sipiri kalean 33 aparkaleku berri jarriko dira, eta Mendieta Zeharbidea kalean, 10. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak jakinarazi du Sipiri eta Ripa kaleen inguruan aparkaleku berriak sortzeko eta eremuko zirkulazioa eta oinezkoen mugikortasuna berrantolatzeko proiektua abiatu duela. Udalak azaldu duenez, aldaketak egingo dira Sipiri, Mendieta Zeharbidea eta Ripa kaleetan.

Lehenik, Sipiri kaleari dagokionez, Mendieta Zeharbidea eta Ripa kaleen arteko tartean (230 metro inguru), errepidearen ezkerraldean 33 lerroko aparkaleku berri jarriko direla adierazi du Udalak. Horrez gainera, Udalak azaldu du kalea noranzko bakarrekoa denez eta egungo galtzadek ez dutenez nahikoa zabalera, eskuineko espaloiaren zabalera 5 metrotatik 3,30 metrora murriztuko dela lekua egiteko. Argiteria-sarea eta farolak birmoldatuko direla ere esan du.

Bigarrenik, Mendieta Zeharbidea kalearen kasuan, Ripa kalearen eta Sipiri kalearen arteko tartean (70 metro), 10 aparkaleku berri jarriko dira errepidearen ezkerraldean, eta bi noranzkoko kalea izatetik, noranzko bakarreko kalea (hego-iparrekoa) izatera pasako da.

Azkenik, Ripa kaleari dagokionez, Mendieta Zeharbidea eta Artaza kaleen arteko tartean (122 metro), ibilgailuen zirkulazioaren eta lehendik dauden aparkalekuen arteko elkarbizitza hobetuko dela esan du Udalak. Kalea noranzko bakarrekoa (ekialde-mendebaldekoa) bihurtuko da, Mendieta Zeharbidea kaleko norabideagaz bat eginez, eta aparkalekuen zabalera 2,50 metrotara handituko da (ondorioz, erreia 4,66 metrokoa izango da).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun