Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarra Aspe enpresako pilotariak, "sakanikolas" gisa ezagunak direnak, nagusi dira Binakakoan, jokatu dituzten zazpi partidak irabazi ostean. Asegarcekoek bost norgehiagoka bereganatu dituzte. Lehen itzulian, euren artekoan, Ezkurdia-Zabaletarentzat izan zen garaipena (22-15).
Ezkurdiak adierazi duenez, "gehiago ezin dugu eskatu. Oso pozik gaude zazpi garaipen izateaz, baina lanean gogor jarraitu beharra dugu gelditzen zaizkigun partidak aurrera ateratzeko". Horretarako, ostera, gaueko partida irabazi beharko diote Asegarcek ekarriko duen Berriz eta Etxarri-Aranazko konbinatuari.
Halere, Aspekoek oraindik gogoratzen dute iazko Binakakoa, lehenengo bueltan garaipen bi besterik eskuratu zutenean: "iaz ikasi genuen. Bagenekien akats berberak ezin genituela egin eta lehenengoak ezin azkenak garrantzia bera dutela. Horregatik gogoz hasi ginen, partidaz partida. Oraingoz topaketa zailetan garaipena lortu dugu", dio Ezkurdiak. Zabaletaren ustez, "biok gaude ondo fisikoki eta eskuei dagokienez. Hori da garrantzitsuena, lesioak ez izatea. Astean partida bakarra jokatzen dugu, baina txapelketaren tentsioak gogortzen du".
Ezkurdiak aitortzen duenez, "Jose atzean erabakigarria izaten da eta horrek segurtasuna ematen dit. Luze jotzen duen atzelaria da, ia ez du hutsik egiten eta kantxa betetzen du". Halere, aurreikusten du finalaurrekoak "oso zailak" izango direla. Horregatik "tentsio lehiakorra" mantendu gura du, berriro "hutsetik abiatuko" direlakoan. Finalean sartzea oraindino urrunago ikusten du: "oso gaitza".