Zapatuan, hilak 21, Walt Disney ekoizpen-etxeko "Into the woods" filma proiektatuko dute Urdulizko kultur etxean, arratsaldean, 18:ooetatik aurrera. Rob Marshallek zuzenduta, "Into the woods" ez dago gomendatuta 7 urtetik beherako umeentzat. Filma musikala da eta Grimm anaien zenbait ipuin batzen ditu istorio berean. Senar-emazteak okinak dira; eta sorgin batek botatako madarikazioaren eraginez, ezin dute seme-alabarik izan. Sorginkeria apurtzeko asmoz, basoan barneratuko dira, zenbait objekturen bila. Handik aurrera, ikusleak Txanogorritxo, Jack (babarrun ale magikoa), Rapunzel, Marierrauskin eta bestelako pertsonaia ezagunak topatuko ditu. Aktoreei dagokienez, Meryl Streep eta Johnny Depp azpimarra daitezke. Filma joan den urtarrilaren 23an estreinatu zen Bizkaian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!