Gazte bat atxilotu dute langile bati eraso egin diolakoan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 19a, 14:30

Ertzaintzak 21 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo, eguaztena, bortxakeriaz larderiazko lapurreta egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, atzemandako gazteak, beste hiru pertsonakaz batera, Urdulizko behargin bati eraso egin ei zion gai metalikoak lapurtzen saiatu omen ziren enpresan. Ustezko lapurretan parte hartu zuen beste pertsona bat ere inputatu dute.

Gertaerak pasa den abenduaren 16an izan ziren Urdulizko tailer batean. Bertako langile bat ohartu zen enpresaren instalazioen barruan zegoen ezohiko furgoneta batez. Ibilgailutik ateratako hainbat pertsonak furgoneta kargatzen zebilen, hartutako zenbait gai metalikoz. Beharginak tailerreko lankide bat abisatu zuen eta biak susmagarriengana hurbildu ziren ihesa mozteko.

Ibilgailutik gidaria eta beste bi lagun jaitsi ziren eta pala eta burdin barra banaz eraso egiteko keinua egin zieten. Bat-batean, laugarren gizon batek pieza metaliko bat jaurti ei zuen, tailerreko behargin bati saihetsean kolpatu omen ziona. Beti ertzainen kontakizunaren arabera, langile gehiago hurbiltzen zela ohartuta, ustezko lapurrek ihesari ekin zioten. Zauritutako behargina osasun zentro batean artatu behar izan zuten.

Getxoko Ertzain-etxeko poliziek ustezko ebasleak identifikatzeko ikerketak abiatu zituzten. Bi hilabete geroago, atzo, Balmasedan topatu zuten ustezko lapurretako bat, pieza jaurti ei zuena. Larderiazko lapurreta egotzita atxilotu zuten. Era berean, Urdulizko tailerrean egon omen zen beste gazte bat inputatu dute. 17 urte ditu. Biek ala biek jabegoaren aurkako polizia-aurrekariak dituztela dio Ertzaintzak. Beste bi gizonezkoen bila jarraitzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun