Urdulizko enpresen haztegia Errementariena kalean dago, Udalak utzitako lokal batean. Hura txukundu eta birmoldatu ostean, lokal horiek sei enpresa-proiektu berri hartzeko lekua dute. Bertan lan egingo duten ekimenek, gehienez, bi urte eman ahal izango dituzte.
Lokalaren batez besteko alokairua 100 eurokoa da hilabete bakoitzeko, eta horren barruan elektrizitatea eta garbiketa-zerbitzuak daude. Proiektuak garatzeko tokiez gain, zerbitzu komunak eta bileretarako gela bat ditu lokalak.
Autoenplegua garatuz
Urdulizko enpresen haztegi horrek eskualdeko autoenplegu-proiektuak garatzeko aukera eskaintzen du. Behargintzako arduradunen arabera, mota horretako ekimen ugari daude gurean. Izan ere, iaz 300 pertsonak baino gehiagok negozio bat garatzeko interesa agertu zuten Behargintzako bulegoetan, eta horietatik, 50 lagun inguruk euren helburua lortu zuten.
Gero eta ekintzaile gehiago
Aurten, gainera, lehenengo hiruhilekoan iazko erritmoa handitu da. Daborduko egunero pertsona batek agertzen du negozio berri bat zabaltzeko interesa, batez bestean. Askok krisiak bultzatuta hartzen dute bide hori; beste askok, euren interes propioengatik. Dirudienez, ohikoa da horrelako bidea hartzea Uribe Kostan, Behargintzakoen arabera.
Halaber, ekintzaileentzako 250.000 euroko diru-laguntzak lortu dituztela jakinarazi dute.