Pasa den apirilaren 6rako, norabidea aldatzeko erabiliko den bretelle edo trenbide gurutzatua ezarri zuten 100 beharginek, Sopelako tailerren parean. Horrek bermatu zuen Sopelako geltokia lanen eraginetik kanpo uztea. Ordutik, lanek martxa egokia jarraitu dute. Bitartean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) hiru erabaki hartu zituen apirilaren 21ean egindako bileran. Urdulizko trenbide-pasagunea ezabatzeko eta geltokia lur azpian jartzeko asmoz, BGPk baimena eman zuen Euskal Trenbide Sareak (ETS) lizitaziora aterako dituen instalazio elektrikoei eta katenariari dagozkien proiektuetarako,2,78 milioi euroko irteerako kopuruagaz (BEZ barne).
Kilometro erdiko katenaria
Instalazio elektrikoen aurrekontua 1,4 milioi eurokoa da, eta horren barruan ondokoak sartzen dira: Urdulizko geltokian energia-transformaziorako zentroa taxutzea, banaketa-koadroak, sasituneleko eta geltokiko argiak, suteen aurkako babes-sistema, eta urrutiko agingailuak. Bestalde, sasitunelerako katenaria zurrun bat eta zerupeko bide-tarteko katenaria arrunta (bien artean 543 metro) hornitu eta muntatzearen gastu-aurreikuspena 1,38 milioi eurokoa da. Azkenik, hirugarren kontratuan, Sopela eta Plentzia arteko bidearen seinaleztapen-sistema ere sartzen da. Horren aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da.