Gertaera 03:30ak aldera izan zen. Ordu horretan, bi ertzainek Urdulizko trenbidearen tartean balastoan aparkatuta zegoen auto bat ikusi zuten, lanetan dagoen pasagunearen gertu. Barruan, katenariatik ebatsitako kobrea zegoen. Ertzainak inguruak miatu zituzten, lapurrak aurkitzeko asmoz, baina ez zituzten topatu eta ebasleak ez ziren ibilgailura bueltatu. Autoa eta harrapakina garabiaz eroan zuten polizia-gordailura eta bertan izango dute auzia ikertzen amaitu eta epaileari igorri arte. Ertzaintzak zabaldu duenez, ibilgailuak ez zuen inolako lapurreta-salaketarik.
Ez da lehenengo aldia lapurrak Metro Bilbaotik kobrea eroaten saiatzen direna. Orain dela hilabete bat ere Erandio eta Lutxana artean ehunka metro ebatsi zituzten, lapurreta arriskutsu batean. Elektrizitate-dorrea ohi bezala funtzionamenduan egon izan balitz, litekeena da ebaslea elektrokutatuta irten izana: "egun duenak larrua arriskatu du", esan zuen orduan metroko eledun batek.