Juan Olea Mentxakak Mecanica La Peña enpresa handian egin zuen lan. 1983an sartu zen Urdulizko udaletxean, EAJren zinegotzi gisa. 1991ean, berriz, alkate izateko aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak eta, hauteskundeak irabazita, 20 urtez gobernatu zuen herria. Garai hartakoak dira udaletxe berria, osasun-etxea, kultur etxea, nagusien etxea, futbol-zelaia, haurtzaindegia edota hilerri berria. 2005etik aurrera Uribe Kostako Mankomunitatea ere presiditu zuen.
2011n, ez zen berriro ere aurkeztu eta Javier Bilbao orduko alkateordeari utzi zion erreleboa. Orduan, egindakoagaz "pozik" zegoela esan arren, Oleak aitortu zuen kontu batek ihes egin ziola: "Ez nuen pentsatu trenaren pasonibela lurrazpian jartzeko lanak martxan jarri barik alde egingo nuela, 2007an lanak egiteko hitzarmena lortuta, baina egin egingo delakoan nago", zioen. Hil aurretik lan horiek zelan abiatu diren ikusi ahal izan du alkate ohiak.