Martxoaren 9an, lurperatze obrak hasi zirenean, BGPk metroa lurperatzeko obrei buruzko informazio modulua zabaldu zuen. Bulegoan erakusketa txiki bat jarri zen eta bertan azaldu dira Urdulizko trenbide-pasagunea kentzeko eta lurpeko geltoki berria egiteko proiektuaren gaineko agiriak, planoak eta infografiak.
Bulegoa erabili dutenen %65 Urdulizko eta inguruko udalerrietako bizilagunak izan dira; beraz, horiek denek izan dute non argitu hasierako zalantzak, bai obrari buruzkoak zein Plentzia eta Sopela artean metroaren maiztasun eta ordutegi berberakaz Aste Santuan abian jarritako autobus zerbitzuari buruzkoak. Kontsulten kopurua asko jaitsi da denbora igaro ahala; izan ere, kontsulten erdiak baino gehiago lehenengo lau asteetan egin dira.
Metro sarean geratzen den azken trenbide-pasagunea kenduko da Urdulizko obren bitartez, 543 metroko trenbide-tartea lurperatuz. Itxiturak, sarbideak eta trazaduraren garbiketa burutu ondoren, enpresa adjudikaziodunak metroko tunel faltsuaren estalkiari eutsiko dioten pantailak egin behar ditu, datozen asteotan. Horrela, jarraian hondeatze lanei ekin ahal izango die.
BGP eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) dabiltza obra egiten, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta. Aldundiak eta Jaurlaritzak jarri dituzte Garraio Partzuergoaren bitartez metroa lurperatzeko behar diren 21 milioi euroak, erdi bana.
Urdulizko herrigunean metroa lurperatzeak garapenerako aukera handiak ekarriko dizkio Uribe Kostako udalerri horri. Aisiarako eremu berri bat egongo da, 6.000 metro karratukoa, eta geltoki berria eraikiko da, lurpekoa eta irisgarria, "fosterito" eta guzti. Zuzeneko igogailua edukiko du, kalea eta erdiko nasa bakarra lotuko dituena. Bestalde, Metro Bilbaok bere zerbitzuaren segurtasuna hobetuko du 1. linean, 45 kilometrotik gorako trazadura osoan geratzen den azken trenbide-pasagunea kenduko du-eta.
Aurrerantzean herritarrek posta elektronikoz edo telefonoz igorri ahal izango dizkiote kontsultak ETSri, linea3@ets-rfv.es helbidean eta 902 733 490 telefonoan.