Ibilbide bi egin dituzte. Horietako batek Aita Gotzon kalea zeharkatzen zuen, trenbide-pasagunetik eskolaraino; bestea Zugazti plazan hasten zen. Esperientziaren azken egunean, ibilbideari jai-giroa eman zioten, hiru aste horietan ibilbidea egin zuten umeak zoriontzeko. Hala, hartz itxurako giltzatakoak banatu zizkieten umeei.
Eskolarako Bidea proiektua Francesco Tonucci pedagogo italiarrak egindako esperientzietan egon da oinarrituta; egunotan bere proposamenak entzuteko aukera egon da Leioan. Umeak eskolara egiten dituzten bidaien protagonista bihurtu ditu ekimenak. Haurren autonomia-eredua sustatu du, ingurua aztertuz, kanpokoagaz harremanetan ipiniz eta erabakien kontzientzia hartuz. Arduradunek azaltzen dutenez, proiektuak zeregin gizarteratzailea eta hezigarria betetzen du.