Uribe Kosta jaietan 2015

Buztan erregosiaren festaz gozatuko dute zapatuan Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 9a, 09:00

Txori Alai kultur elkarteak antolatzen du ekimena. © URDULIZKO UDALA

Etzi, zapatua, Buztanluze Sukalki Txapelketaren 49. edizioa egingo dute Urdulizen, Eleizalden. Urtero legez, sukaldari, profesional eta zaleak elkartuko dira lapiko gozoen inguruan, Andra Mari elizaren ondoko zelaietan.

Batez ere Urdulizko eta Uribe Kostako herrietakoak izan ohi dira parte-hartzaileak baina, bertokoez gainera, badira bestelako lekuetatik etorritakoak ere. Lehiaketa honen hasiera-hasieratik, Txori Alai kultur elkarteak antolatzen du txapelketa, eta Urdulizko Udalak babesa ematen dio ekimen honi. Aurreko edizioetan, 50 lapiko inguru aurkeztu izan dira festa herrikoi horretan. Bertan ez da saririk ematen dirutan eta parte-hartzea da saritzen dena; koadrilei garaikurrak eta opariak ematen zaizkie, baina dirurik ez. Izan ere, lehiaketa horrek ez du irabazi asmorik. Aisialdiko proposamen gastronomiko hutsa da, herritarren partaidetzan oinarritutakoa eta parte hartzerako orduan koadrilek erakusten duten inplikazioa da, finean, epaimahaiak saritzen duena.

Izaera herrikoi hori indartzeko asmoz, Urdulizko Buztanluze Sukalki Txapelketak jarduera osagarriz betetako egitarau zabala eskaintzen du. Ekimenak zapatu goizean abiatuko dira, txistulariek kalejira egingo baitute herri osoan zehar. Gainera, egun osoan beste zenbait kultur-proposamen egongo da; esate baterako, dantza edo erromeria.

Egitaraua

  • 09:00 - Txistulariak herriko leku ezberdinetatik.
  • 12:00 - Iratxo Gorria dantza-taldearen ekitaldia.
  • 12:45 - Izena emateko epearen amaiera.
  • 13:30 - Kazolen aurkezpena eta epai mahaiaren xede-hartzea.
  • 18:00 - Sari banaketa.
  • Ondoren, Taberna Ibiltaria taldeak girotutako herri erromeriaz disfrutatzeko aukera izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun