Urdulizko obra Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak darama, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren menpe. ETS Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz batera (BGP) egiten dabil obra hori, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatzen dute lurperatzearen kostua (21 milioi euro), BGPren bitartez.
Fosterito laukia
Jarduketak 700 metroan zehar egiten dabiltza, eta luzera horretatik 543 metro geratuko dira estalita. Trazatu berriak aurrekoaren ibilbidea aprobetxatuko du eta gehienez ere %2,7ko malda izango du. Lurperatutako zatiaren erdialdean egongo da Urdulizko geltoki berria, oraingoa dagoen lekuaren parean, gutxi gorabehera. Instalazio berriek 90 metroko luzerako nasa bat izango dute, baita beharrezkoak diren gela teknikoak ere. Geltokiko atartera sartzeko fosterito laukia egongo da, Areetako geltokian dagoenaren parekoa, gainazalean, geltoki zaharraren hego-mendebaldean. Igogailu handi bat izango du ere, 13 pertsona sartzeko edukieragaz.
Orain, lurrak induskatzeko eta lurzoruei eusteko lanak egiten dabiltza azpiegitura berria hartuko duen kaxa eratzeko. Induskatu behar diren lursailen ezaugarrien ondorioz eta trenbidearen trazatutik hurbil etxebizitzak daudenez, "arreta handiz" aztertu dira "lurrei eusteko erabili behar diren sistemak", foru iturrien arabera. Lan horietarako erabilitako makinen artean, nabarmentzekoa da pasa den eguenean fresatzeko makina hidrauliko bat erabiltzen hasi zela etxebizitzetatik hurbilen dauden hormak eraikitzeko, "auzokideei ahalik eta eragozpen gutxien sortzearren eta egituren egonkortasuna bermatzearren".
Obraren lehen zatian, trenbidea eta katenaria eraitsi dira eta hainbat zerbitzu desbideratu egin dira: sare elektrikoa, telefonia ura eta abar. Lan horiek "esfortzu handia" ekarri dute arduradunen ustean, zerbitzu asko izan direlako tartean sartutakoak.
6.000 metro koadro libre
Bisita eta gero, Jose Luis Sabas ETSko zuzendari nagusiak nabarmendu zuen helburu nagusia dela, ustekabekorik agertzen ez bada, epe barruan amaitzea, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Eta erantsi zuen fresatzeko makina hidraulikoa bezalako makina hain espezializatuak erabiltzeko arrazoietako bat dela "etxebizitzetatik hurbilen dauden hormak eraikitzeko lanak auzokideei ahalik eta eragozpen gutxien eraginda eta egituren egonkortasuna bermatuta egitea".
Bestalde, metro sarean geratzen zen trenbide-pasagune bakarra kenduko dela gogoratu zuen Vicente Reyes Garraioen foru diputatuak. Eta, lan horren ondorioz, Urdulizko udalerria bi zatitan banatzen zuen hirigintzako oztopo garrantzitsu bat desagertuko dela. Horrez gainera, 6.000 metro koadroko lursail bat erabiltzeko moduan geratuko dela gehitu zuen, eta auzokideek erabiltzeko eta gozatzeko prestatuko dela adierazi zuen. Hala, "hirigune hori nabarmen hobetuko" dela eta "pertsonen eta ibilgailuen segurtasuna areagotuko" dela azpimarratu zuen.
Era berean, Reyesek nabarmendu zuen Bizkaian garraio publikoaren alde egiten den apustua lurraldearen kohesioa sustatzeko elementu garrantzitsu bat dela. Horren ondorioz, pozik agertu zen egiaztatu ahal izan dutelako obrak aurrera doazela eta, ustekabekorik sortzen ez bada, ezarritako epean, hau da, 2016. urtearen amaierarako amaituko direla.
Antonio Aiz Garraio sailburuordeak, ostera, berriro azpimarratu zuen metro-sareak abian jarri zenetik ekonomia, gizarte eta ingurumenaren ikuspegietatik begiratuta izan duen garrantzia. Horrela, hiri inguruko garraio mota horrek egunero zirkulaziotik 133-000 turismo "ateratzen" dituela adierazi zuen.