Marina Alcalde: "Tango-eskola muntatzeko ametsa bete gura dut"

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 12a, 11:00

Marina Alcalde, Diego Quispegaz, Buenos Aireseko Canning aretoan, aurten. © HERNAN BRUSA

Marina Alcalde Sainz tango-dantzari urduliztarra munduko onenetarikoa da. Alcaldek 11 urte daroatza tangoa dantzatzen. 33 urtegaz, Munduko Tango Txapelke­taren finalean izan zen abuztuan. Urdulizko Tango Laztana aretoko irakasle da, eta bihar, domekan, jendaurreko erakustaldia egingo du jaietan, Iparralde kiroldegian, 18:00etan.

Buenos Airesen jokatu zen Munduko Pis­ta Tangoko Txapelketan izan zinen abuztuan. Zelan ibili zinen?

Oso ondo. Mundial horretan 600 bat ,bikotek parte hartu genuen, pista-tangoko kategorian. Diego Quispek eta biok kanporaketak bata bestearen atzean gainditu genituen, eta finalerdietara heldu ginen. Hortik, 40 bikotek egin zuten jauzia finalera, eta guk 11. postuan sailkatzea lortu genuen. Finala ere esperientzia izugarria izan zen, Luna Park estadioan: 9.000 pertsona sartu ziren txapelketa ikustera. Han 13. geratu ginen. Pozik gaude, hortaz.

Zuretzat data berezia izan zen, ezta? Urtebetetze ezberdin bat.

Bai, erabat. Abuztuaren 24 hori izan zen finalaurrekoaren eguna, eta esan behar ziguten ea finalera pasatuko ginen ala ez. Oso une berezia izan zen: azken txanda egokitu zitzaigun; dantzatu ostean, epaimahaiaren erabakiaren zain geratu ginen, prentsagaz. Amaieratik lehenengorantz ira­kurrita, lehiakideak zelan sailkatzen ziren entzun genuen. Konturatu ginen gure izena ez zutela aipatzen, eta 11. postua heltzean, oholtzara bidali gintuzten. Oso une hunkigarria izan zen, ezin dut gehiago esan.

Profesionalki ere aitorpena da, ezta?

Bai, 22 urtegaz hasi nintzen dantzatzen, orain dela 11, eta buelta asko eman behar izan nuen. Hastean, Bilbora joan beharra neukan. Ordurako banekien tango-dantzari izan gura nuela, eta horregatik neure buruari esan nion: «honetan lan egiteko modu denak bilatuko ditut». Horrek ekarri zidan bidaia pilo egitea, Buenos Airesera joatea, eta abar. Gerora, ate asko zabaldu dit horrek Argentinan. Ez da erraza Buenos Airesen dantzatzea lortzea, tangoaren haztegia baita. Baina aukera izan dut "milonga" (tango-dantzaldia) askotan dantzatzeko, eta, bereziki, Canning aretokoan. Oso famatua da, eta urte askoko historia dauka milonga horrek. Mundialaren aurretik, bertan dantzatzea lortu genuen. Gerora, munduko txapelketak eman zion amaiera bikaina birari, bertara heltzea ez baita erraza, baina han izan ginen. Gainera, abendutik gabiltza lanean Diego Quispe bikotekidea eta biok. Guretzat oso atsegina izan da mundialean lortutakoa, sei hilabete eskaseko lanagaz egin dugula jakinda.

Urdulizen, ez zaizu lanik falta, ezta?

Hemen hamar urte daroatzat tangoagaz lanean, eta zorionez, ikasle maitagarriak ditut; beti lagundu eta jarraitu didate. Orain, eskola bat muntatzeko proiektua dugu, eta laster zabaltzeko lanean gabiltza. Bestalde, Europan lan eskerga ateratzen zaigu. Gustatuko litzaidake hemen lan nahikoa sortzea, hemendik mugitu behar ez izateko. Hori perfektua litzateke, baina beti irten behar izaten dut. Halere, hori ere polita da, hainbat leku ezagutzen nabilelako, eta nire tangoa leku batetik bestera daroadalako.

Kristoren esperientzia izan zen Buenos Airesekoa: euskal herritar bat han... Nik bertan ere lan egin izan dut, eta nire buruari esaten nion: «zelango historia, ni honaino heltzea, "porteñoei" (Buenos Aireseko biztanleak) tangoa dantzatzen irakasteko! Ederra da hori». Espero dut eskola muntatzeko amets hori betetzea eta ondo joatea. Bitartean, jarraituko dut Urdulizko Tango Laztana aretoan irakasten eta kanpora ateratzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun