Urdulizko ospitalean gardentasuna eskatu dute sindikatuek

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 9a, 19:24

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea.

Alfredo Espinosa Urdulizko ospitalea Eskumaldeako ospitalea izateko helburuagaz ekin zioten eraikitzeari, eta hainbat atzerapen izan ditu proiektuak. Era berean, ospitalea antolatzeko ereduaren inguruko informazio-ezak hainbat zalantza sortu ditu osasun-arloko sindikatuen artean. Proiektu horren inguruko informazio gehiago eta gardentasuna eskatu dute sindikatuek.

Salatu dutenez, joan den uztailean mahai sektorial monografikoa egiteko eskaria egin zuten, ospitalea martxan ipintzearen eta antolakuntzaren inguruko informazioa jasotzeko; hala ere, Osakidetzako zuzendaritzak ez die hori egiteko datarik helarazi. Bien bitartean, sindikatuak alderdi politikoakaz batzen dabiltza euren ezinegona jakinarazteko. Gogoratu dutenez, martxan jarritako azkenengo ospitalean, Gernikakoan, zerbitzu batzuk kanpoan kontratatu gura izan zituzten, eta beldur dira Urdulizkoan gauza bera gerta daitekeelako.

Osasun Sailak adierazi duenez, hainbat zailtasun ikusten dituzte ospitalearen proiektua garatzeko, berbarako ospitalerako sarbideek sortu dituzten arazoak; horrek ika-mikak ere sortu ditu Sopela eta Urdulizko udalen artean.

Darponen emaztea, Uribeko ESIren buru

Bestalde, Alfredo Espinosa ospitalea ez da Osasun Sailak asteotan Uribe Kostan izan duen kezka bakarra. Sail horrek hainbat Erakunde Sanitario Integraturen (ESI) zuzendaritzak ofizialdu ditu; horien artean, eskualdekoa. Mari Luz Marques Gonzalez izendatu dute Uribeko ESIren zuzendari-kudeatzaile. 21 udalerri hartzen dituen osasun-gestioa kudeatuko du. Era berean, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea martxan ipintzeko jarduerak zuzendu beharko ditu. Eraikin horren inaugurazioak hiru urteko atzerapena daroa, eta Osasun Sailaren arabera, 2016ko bigarren erdialdean zabaltzea dago aurreikusita.

Marques Gonzalez bakarrik aurkeztu zen deialdi horretara, eta esleipena izendapen libreko prozeduraragaz egin dute. Postu horretarako, titulazio unibertsitarioa izateaz gain, Osakidetzak administraziorako eta gestiorako esperientzia izatea eskatzen zuen. Marques familiako medikua da, eta 2009tik Uribe eskualdeko zuzendaria izan da, Julian Perez Gil Osakidetzako kudeatzaileak izendatuta.

Oposizioko alderdi guztiek azalpenak eskatu zizkioten Osasun sailburuari, ESIen zuzendaritzak osatzeko bideen harira. Eta Marques Gonzalez Jon Darpon Osasun sailburuaren emaztea izanda, ondorioz, alderdi batzuek, hura izendatzeko erabili dituen irizpideak argitu ditzala eskatu zioten Darponi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun