Ekimena bertoko neska-talde batek bultzatu du, gerratik ihesi dauden pertsonek bizi duten egoera latzaren aurrean zerbait egin beharra zegoela uste baitzuten. Hala, Udalak kiroldegia dohainik utzi die, bertan azoka egiteko.
Gura duenak gaur 20:00etatik 21:00etara izango du azken eguna arropa, liburu, apaingarri, jostailu, makineria, etxeko tresneria, altzari edo nahi beste produktu eman ahal izateko. Edozein gauza izan daiteke, betiere, egoera onean baldin badago eta azokan salgai jartzeko modukoa baldin bada. Jendearen ekarpenak kiroldegian bertan, jasoko dituzte antolatzaileek, futbol zelaiaren aurrean.
Batuko den guztia salgai ipiniko dute azokan, prezio merkean, hilaren 24an, zapatua, eta 25ean, domeka, 11:00etatik 21:00etara. Bertan, hainbat saltoki izango da produktuak saltzeko. Salmenta lanetan, besteak beste honakoek jardungo dute: ekimenaren antolatzaileak eta herriko taldeetako eta Udaleko ordezkariak, boluntario gisa. Azokan, hainbat jarduera ere egongo dira: trikitiaren musika, umorezko irakurketa dramatizatuak, eta opilen dastaketak.
Beste jarduerak
Bihar, azokaren lehenengo egunean, trikitiaren musika izango da goizean. Arrastian, 18:00etatik aurrera, umorezko irakurketa dramatizatu batzuez gozatu ahal izango dute kiroldegira hurbilduko direnek, Getxoko Itxartu antzerki-taldearen eskutik. Hain zuzen, Rosana Mateok idatzitako eta Ainhoa Txopiteak zuzendutako "La quinta planta" antzezlana irakurri eta interpretatuko dute.
Gainera, hala larunbatean nola igandean, bertaratuko diren guztiek ogizko opil gozoa dastatu ahal izango dute. Ekintza horren bitartez, antolatzaileek zorionekoak garela erakutsi nahi digute, hain zuzen, horregatik, ogizko opil hori dastatzeko aukera dugulako; "izan ere, beste askok ez dute ezer jateko aukerarik".