Hori dela eta, hiru neurri hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari: Legebiltzarrari ospitale berriaren Plan Funtzionala eta Zerbitzu Zorroari buruzko "informazio eguneratua" ematea; "Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskuartean dauzkan dotazio eta bideratutako lanpostuen horniketari buruzko datuak" sindikatuei eskaintzea eta lan-arloko gai denak eurakaz negoziatzea; azkenik, Urdulizko ospitalean "eskainiko diren zerbitzu guztiak zuzenean Osakidetzak kudea ditzala, garbikuntza, mantentze-lana eta sukaldea barne".
Sindikatuen protestak
Ezkerreko alderdien ekimenak sindikatuek aurretik egindako aldarrikapen gehienak batu ditu. Izan ere, Urdulizko ospitalearen inguruko informazio guztia eta zerbitzua «%100 publiko» izatea eskatu zuten sindikatuek. Zerbitzuak zelan kudeatuko dituzten azaldu barik, Urdulizko ospitalea 2016rako zabalduko dutela iragarri izana kritikatu zuten Osakidetzako sindikatuek. Era berean, gaur egun dagoen "desinformazioa" dela-eta, Urdulizko ospitalearen Funtzio Planaren eta Zerbitzuen Kartaren inguruko informazio gaurkotua eskatu zuten sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Batzordean. Horrez gainera, ospitaleak izango dituen langile- zein lanpostu-kopuruen aurreikuspena eskatu zioten Giza Baliabideen Zuzendaritzari, langileen ordezkariakaz "lan-baldintza guztien inguruan negoziatzea" eskatzeagaz batera. Azkenik, zerbitzu guztiak "zuzenean Osakidetzatik kudeatzea" eskatu zuten, garbiketa-, mantentze- eta sukaldaritza-zerbitzuak barne. Urdulizko ospitalea %100 publiko izateko "mobilizatzea" beharrezkoa dela esan ostean, elkarretaratzea egin zuten urriaren 28an Algortako Alangoko osasun zentroan, Uribe Kostako Erakunde Sanitario Integratuaren egoitza dena.
EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako legez besteko proposamena