Pasa den urriaren 31n hasi zen aurtengo Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, 4x4 modalitateko 320 kilokoan. Bertan, 12 talde lehiatu ziren, tartean Urdulizko Iparralde sokatira-taldea. Uribekostarrek ez zuten emanaldi onik izan, eta tiraldi denetan kale egin zuten, bakar batean izan ezik. Sokarri B taldeagaz berdindu zuten. Horri esker, azkenak izan arren, puntu bat batu zuten. Jose Luis Goirigolzarri Iparralderen entrenatzaileak argi egin du berba: "ez geneukan esperantza handirik, jende gutxi baikaude aurten. Urdulizen, antzinako kirola da, baina orain jende gutxi gaude, eta horrelakoetan dena irteten da txarto".
Itzulera zaila
Urdulizko sokatiraren urrezko garaiak aspaldikoak dira: 1997an, Euskadiko hirugarren sailkatu ziren 560 kilokoan. Orduan, 8x8 modalitatean lehiatzeko behar beste mutil ziren.
Taldea 1992an sortu zuten, eta 1998an utzi zuten, beharrak, seme-alabek eta bestelako ardurek baldintzatuta. Hala ere, 2012an, bueltatu egin ziren. Funtsean kide berberak, nahiz eta "pare bat fitxaje" ere egin zuten. Baina ordutik hona, «betikoak» daude. Berangoztar eta leioaztar bana kenduta, beste denak urduliztarrak dira.
Kide gehiagoren zain
Aurten, lanak eta sendiak utzitako apurretan, 7-8 agertzen ohi dira entrenamenduetan. Horregatik, 8x8 utzi, eta 4x4an lehiatzeari ekin diote. Datorren azaroaren 14an, Sopelako Ugeraga kiroldegian jokatuko da txapelketako bigarren kanporaketa, eta bertan erabakiko da zein talde pasatuko diren Ezpeletako finalera. Goirigolzarrik espero du Sopelan taldea "apurtxo bat hobeto ibiltzea, baina ez askoz hobeto". Gainera, bertan zaleen berotasuna izango dute, emaitza txarrakaz epeldu den arren. Entrenatzaileak errazago ikusten du taldearentzat 300 kiloko lehia, azaroaren 28an Anoetan abiatuko dena.
Ostera, Iparraldekoen kezka nagusia jende berria lortzea da, herrian bertan kirol horri eutsi ahal izateko. Urduliztarrek astelehen, martitzen eta eguenetan dituzte entrenamenduak kiroldegian, 20:00etan. Sokatiran probatu gura dutenek handik pasatu, besterik ez dute egin behar, konpromiso barik.