"Erdara hutsaren alde egiten duenean PNVk ez ditu bakarrik EH Bilduren hizkuntz eskubideak kaltetzen, zinegotzi guztion eskubideak urratzen ditu eta ondorioz urduliztar guztiona. Gure herrian PNVk ez du Urkijo erregeordearen beharrik izan eta zuzen-zuzenean baztertu dute euskara aktak erdara hutsean eginez", kritikatu du Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioak.
Urdulizko alderdi nagusiaren jarrera "onartezina da gure hizkuntzarekiko, gurekiko eta urduliztarrekiko", EH Bilduren ustez: "Gure hizkuntza ez da alderdi jaietan soilik defendatzen, gure hizkuntza egunerokotasunean defendatu eta bermatu behar da. Bestalde ezin da ahaztu Udala eredugarria izan behar duela eta irudi kaxkarra ematen ari zaiela herritarrei euskara erdararen alde baztertzen duenean, udalbatzako aktetan bada ere".
Horregatik, EAJri "exijitu" diote urduliztarren hizkuntz eskubideak berma ditzala "eta legeak agintzen dion bezala aktak euskaraz egin ditzala". Era berean, EH Bilduk urduliztarren eskubideak eta euskara defendatzeko "beharrezko diren neurriak" aztertzen dabiltza. Besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Behatokira eta Arartekoarengana joko du, "egoera latz honen berri" emateko.