Osasunsarea proiektuaren helburu nagusia da "herritarren ohitura osasuntsuak sustatzea", Urdulizko Udalak iragarri duenez. Osasun sare bat sortuko dute, eta bertan osasuna bultzatzeko ekintzak proposatu dituzte. Herritarrek ere proposamenak egiteko aukera izango dute. Azkenik, "ohitura osasuntsuak sustatzeko baliabideen mapa bat" egitea aurreikusi dute.
Ekimena elkarlanaren fruitu da, berau bideratzeko hainbat erakundek Talde Sustatzailea osatu baitute, hala nola, Udala, Osasun Zentroa, Uribe Eskualdeko Osasun Publikoa, eta Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak eta Adikzioak Prebenitzeko eta Osasuna Sustatzeko Zerbitzuak. Etziko batzarrean, lan-talde horrek izan dituen bilera eta zehaztu dituen helburuen berri emango dute jendaurrean. Besteak beste, honako arduradunek hartuko dute parte: Javier Bilbao Urdulizko alkatea, Maria Luz Marques Uribeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) gerentea eta Concha Castells Bizkaiko Osasun Publikoko zuzendariordea.
Urdulizko Udalak auzokidek gonbidatu ditu aurkezpenera hurbiltzera, "herriaren parte oso garrantzitsua zaretelako eta herriaren ezaugarriak primeran ezagutzen duzuelako. Zuen ezagutza horiek proiektua erabat aberastuko lukete".
Egitaraua
- 19:00-19:05 Sarearen aurkezpena: Javier Bilbao Urdulizko alkatea, Maria Luz Marques Uribeko ESIko gerentea eta Concha Castells Bizkaiko Osasun Publikoko zuzendariordea.
- 19:05 – 19:15 Osasuna eta bere determinatzaileak: Ines Urieta Osasun Publikoko teknikaria.
- 19:15 – 19:25 Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko gunearen osasun datuak: Nerea Muniozguren Bizkaiko Osasun Epidemiologia eta Informazio arduraduna.
- 19:25 – 19:35 Urdulizko osasun datuak: Susana Garai eta Iñaki Ochoa Urdulizko osasun-zentroko langileak.
- 19:35 – 19:40 Urdulizko komunitatea: Carmen Kareaga eta Alazne Bilbao. Urdulizko zinegotziak.
- 19:40 – 19:55 Eztabaida.
- 19:55 – 20:00 Ondorioak eta hurrengo pausuak.