Lehiaketa hori urtero egiten dute Gabonak iritsi aurretik, ehunka zaleren aurrean, Urdulizko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta. Bertan, "lehen mailako parte-hartzea izaten" da, Urdulizko udal iturriek azpimarratu dutenez.
Aurten zortzi zaldi lehiatuko dira, haietako batzuk Bizkaiko zaldirik onenen artean sailkatuta daudenak, adituen arabera. Parte-hartzaileek, denera, 4.700 euro eroango dituzte sarietan. Irabazleak 750 euro, manta eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak 650 euro eta garaikurra lortuko ditu. Hirugarrenak, azkenik, 550 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Gainerako parte-hartzaileek sari ekonomikoa eskuratuko dute, baina garaikurrik ez.
Parte-hartzaile denak lehian arituko dira, 900 kiloko ohiko harriarekin. Ahalik eta urrutienera eroan beharko dute arrastaka. Mota honetako zaldi-probetan, distantzia iltzetan neurtzen da (probalekuaren neurrien arabera, iltze bat 22 edo 28 metro artekoa izan daiteke). Probako sari bereziez gain, parte-hartzaileek puntuak eskuratuko dituzte Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetarako.
Egutegia
Abenduak 4, barikua
21:00etan, Erauzkin (Mañu), Txertudi (Kortezubi), Jatetxea Nabarniz (Nabarniz) eta Taberna Goieta (Mungia).
Abenduak 5, zapatua
21:00etan, Fontaneria Zalbide (Urduliz), Juan Martiartu (Aulesti), Bar Goieta (Mungia) eta Fermin Santamaria (Guriezo).