Urdulizko ospitalea "praktikoki funtzionamendu betean" hasiko da 2017an. Horretarako, 148 ohe izango ditu, erreserbarako 32 oheko ospitalizazio-unitate bategaz batera. Horrez gainera, 8 ebakuntza-gela, Urgentzia Zerbitzua eta Uribe eskualdeko 197.000 auzotar artatzeko hainbat zerbitzu eta espezialitate eskainiko ditu. Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez, Uribe Kostako ospitalea martxan jartzeak "azken urteotan biztanleria-kopurua gehien handitu den eremuetako batean artatze zerbitzuak hurbiltzea ahalbidetuko du, neurri handi batean artatze-kalitatea hobetzeagaz batera".
Osakidetzako ospitale berrirako, 59,4 milioi euro inbertitu dituzte. Guztira, 38.000 metro koadro izango ditu, 8 solairuko hiru eraikinetan banatuta. Era berean, 578 langile hartuko ditu. Aurreikusi dutenez, ospitalea 2016an hasiko da martxan, eta 2017ko hasierarako "praktikoki funtzionamendu betean" egongo da.