Zabaltzen plataformari esker, urduliztarrek Udalaren kudeaketaren gaineko datuak kontsulta ditzakete, Interneti konektatuta dagoen edozein gailutatik. Auzotarrek errazago kontsultatu ahal izango dute Udalaren inguruko informazioa, beste arlo batzuetako dokumentazioagaz batera: lurralde-antolamendua, kontratuak, hitzarmenak eta diru-laguntzak, eta udalerrian indarrean dagoen araudia, besteak beste.
Arduradunek azaldu dutenez, eredu bat da Zabaltzen, eta teknologiak herritarren eta administrazio lokalaren zerbitzura zelan ipin daitezkeen erakusten du. BiscayTIK fundazioak tresna hori lantzen jarraitzeko asmoa dauka, funtzionaltasun gehiago eta hobeak eransteko, eta administrazio lokalen gobernu ireki eta integraleko zerbitzua izan dadin.
Atari horregaz, erantzun gura diote gizarteak parte hartzeko egiten duen eskaerari; era berean, tokiko administrazioei legedia betetzen lagundu gura die. Izan ere, gizarteak gero eta sarriago eskatzen du administrazioa gardena izan dadin, eta legezko eskakizuna ere bada, legea onartu zenetik.