“Diseinua Sarrikokoaren antzekoa da, baina txikiagoa”, Jose Luis Sabas Euskal Trenbide Sarearen zuzendariak Javier Bilbao alkateagaz batera obretara egindako bisitan azaldu zuenez. Izan ere, Metro Bilbaoko langileek "fosterazo" legez izendatzen dute Fosterrek Bilboko Ibarrekolanda auzoaren ondoan diseinutako sarbidea. Urdulizko geltokiaren markesina Areetako geltokiaren antza ere badu, baina Urdulizen sarrera bakarra, zabalago eta altuago dago.
Bertan, geltoki gehienetan erabilitako kurben ordez, angeluak eta laukiak izango dira ardatz. Aipatu legez, altuera handiagoa izango du eta ataria zabalagoa izango da. Horri esker, nasara doan eskailera finko bakarrak argi gehiago jasoko du. Izan ere, Urdulizko azpiegituran erabilitako teknika gehienek argitasunari indar gehiago emateko hartu dituzte, sarbidean metalaren ordez beira gehiago ipiniz, adibidez. Geralekuak ez du eskailera mekanikorik izango, eta horren ordez, eskailerakaz batera 13 pertsonentzako igogailu bat paratu dute. Era berean, sarrera bakarra izan arren, larrialdietarako beste irteera bat zabaldu dute.
Beste ezberdintasun handi bat izan da geltokia eraikitzeko erabilitako teknika. Tunelen bidez egin beharrean, aire zabalean jardun dute, horrek ekarri dituen muga denekaz. Horregatik, ezin izan dira ipini kalera heltzen diren ohiko hormigoi-tutuak ezta horien akabuko kristalezko pergolak.