Urdulizko ospitalearen atal batzuen pribatizazioa salatu du ELAk

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 22a, 18:42

Gaurko kontzentrazioa.

ELA sindikatu abertzalearen 60 bat kidek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Urdulizko ospitalearen aurrean, "Urdulizko ospitalean, prekarietaterik ez! 1.200 eurotik gora" goiburupean. Bertan, Txaro Arrizabalaga eta Lujan Herrero ordezkariek salatu dute osasun zentroaren "garbiketa eta mantentze-zerbitzuak esku pribatuetan utzi" gura dituztela.

ELAk gogoratu duenez, "Urdulizko ospitalearen irekieraren aurrean, sindikatu guztiok eskatu diogu Osakidetzari ospitalea zuzenean kudeatzeko. Hala ere, Osakidetzak ez du argitu nolakoa izango den kudeaketa". Euren ustez "nahiko argi dago" zerbitzu batzuk "esku pribatuetan" utziko dituela Osakidetzak, hala nola garbiketa eta mententze-zerbitzuak. Sindikatuaren ustez, Jaurlaritzak "eztabaida hori ez du jendaurrera atera gura, egintza burutua izan dadin".

Era beran, ELAk ezeztatu du enpresa pribatuek egindako kudeaketa erakunde publikoena baino merkeagoa eta eraginkorragoa denik. Gurutzetako ospitalea adibidetzat jarrita, adierazi dute Osakidetzako langileen batez besteko gastua 32.991,27 eurokoa dela eta, berriz, azpikontratatutako langileena 39.177,40 euro dela, %18,75 gehiago. Diferentzia hori enpresek eroaten dutela salatu dute. Gainera, horrelako kontratuak dituen enpresa bat, Garbialdi, EAJgaz harremana izatea deitoratu dute. Izan ere, gogorarazi dute Josu Olazar Sagarduy administratzailea EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kidea izan dela.

ELAko kideek Urdulizen irakurritako komunikatua

Urdulizko ospitalearen irekieraren aurrean, sindikatu guztiok eskatu diogu Osakidetzari ospitalea zuzenean kudeatzeko. Hala ere, Osakidetzak ez du argitu nolakoa izango den kudeaketa. Egia esateko, nahiko argi dago garbiketa- eta mantentze-zerbitzuak esku pribatuetan utzi nahi dituztela, baina eztabaida hori ez dute jendaurrera atera gura, egintza burutua izan dadin, eta Osakidetzaren lantaldearen ondoeza azaleratu ez dadin.

ELA oso kezkaturik azaldu da aspaldidanik zerbitzu publikoen pribatizazioagatik, eta pribatizazio horien gizarte-ondorio kaltegarriengatik. Horrelako kontuetan, eskuarki, diru-etekinak handitu nahia zerbitzuaren kalitatearen aurretik joaten da, eta gehienetan langile azpikontratatuen baldintzen kontura egiten da.
Ez da egia zerbitzu azpikontratatua merkeagoa eta eraginkorragoa denik. Gurutzetako ospitaleak kontratatu duen enpresa pribatuko langilearen batez besteko gastua 39.177,40 eurokoa da, eta gainera zenbait langilek lanaldi partzialean lan egiten dute. Osakidetzak azpikontrataturiko garbiketa-zerbitzuan lan egiten dutenek, egindako borrokak direla-eta, homologaturik dauzkate lan-baldintzak Osakidetzako bereko pertsonalaren baldintzekin; beraz, langile azpikontratatuen gastua eta Osakidetzaren pertsonalarena parekoa da.

Hala eta guztiz ere, Osakidetzako garbitzaile baten batez besteko kostua 32.991,27 eurokoa da urtean, lanaldi osoan, sei trieniorekin, ospitalizazioaren, lanaldi etenaren eta gauekotasunaren osagarriak barne, eta lanbide-karreraren 2. mailarekin. Kontratazioa, Osakidetzak zuzenean egin beharrean, azpikontrata baten bitartez eginez gero; 5.000 euroko gainkostua dago, gutxi gorabehera, enpresak bere gain hartu behar duen material-gastua sartuz.

Gurutzetako ospitalean bakarrik egoera horrek 1.515.000 euroko gainkostua sortzen du, zeina zerbitzuaren esleipena jaso duen enpresarentzat izango baita. Gurutzetako ospitaleko garbiketa-zerbitzua jaso duen enpresa Garbialdi da, eta enpresa horretako administratzailea Josu Olazaran Sagarduy da, EAJ/PNVko Euzkadi Buru Batzarreko kide izandakoa. Enpresa horrek esleiturik dauzkan zerbitzuak, guztira, 25 milioi eurotik gorakoak dira urtean, Osakidetzak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean aurkeztutako datuen arabera.

Urdulizko ospitalearen irekieraren aurrean, sindikatu guztiok eskatu diogu Osakidetzari ospitalea zuzenean kudeatzeko. Hala ere, Osakidetzak ez du argitu nolakoa izango den kudeaketa. Egia esateko, nahiko argi dago garbiketa- eta mantentze-zerbitzuak esku pribatuetan utzi nahi dituztela, baina eztabaida hori ez dute jendaurrera atera gura, egintza burutua izan dadin, eta Osakidetzaren lantaldearen ondoeza azaleratu ez dadin

ELAk behin eta berriro eskatu dio Osakidetzari txosten bat prestatzeko, non garbiketaren eta mantentzearen kudeaketa pribatuaren onurak frogatu beharko ziren; baina Osakidetzak uko egin dio gardentasunaren gutxienezko froga hori egiteari.

Puntu honetara iritsita, gogoratu behar dugu indarrean daudela Mahai Orokorraren Akordioa eta Osakidetzaren Lan Baldintzen Akordio Erregulatzailea, eta bietan zerbitzu gehiago kanpora ateratzeko debekua berariaz jasota dagoela. Urratuko ote ditu berriro Osakidetzak bere akordioak?
Azkenik, ELAk berriz ere egingo du bere eskaria: Osakidetzak bete behar ditu bere akordioak, eta ondorioz Urdulizko ospitaleak kudeaketa guztiz publikoa izan behar du. Osakidetzak lehentasuna eman behar die bere akordioei eta gizarte-beharrizanei, bestelako onuradunen interesen aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun