Udaletara joko dute Urdulizko ospitalaren eraginaz galdetzera

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 27a, 13:54

Urdulizko ospitalea.

Uribe Ospitalea Plataforma (UOP) kezkatuta dago Urdulizko osasun-zentroak izango duen eraginagaz. Horregatik, datozen egun eta asteotan, eskualdeko eta inguruko hainbat udaletara joko du, Alfredo Espinosa Urdulizko ospitaleak herri horietan izango duen eraginaz kezkatuta. Uribe Kostan, eskaerak aurkeztuko dituzte udalerri hauetan: Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.

Besteak beste, Urduliz Rural-a eta Sopela SUSAN (Sopela-Urdulizko Sahiesbidea Noizko) taldeen babesa dauka herri-ekimenak. Horiez gainera, ospitaleak barne hartuko dituen hainbat herritako auzotarrek ere osatzen dute UOP.

Udalei igorriko dieten idazkian aitortu duten legez, "kezkatuta" daude osasun-zentroak izango duen eraginagaz, "aurreikusi ez diren arazoak" ekarriko dituelakoan. Horregatik, udalei honako bost punturen gaineko informazioa eskatu diete: garraio publikoan sor daitezkeen autobus-linea berriak eta metro zein autobus maiztasunak hobetzeko neurriak; eragin ekonomiko eta soziala zein balizko ingurumen-kalteak; trafikoaren, aparkalekuen eta sor daitekeen "segurtasun eza"-ren kudeaketa; errepideen eta horien mantentze-lanen kostea Aldundiak hartzea; eta anbulantziak.

Gaiei buruz eginda dauden azterketa-txostenak eskura ipintzea ere gura du plataformak. Halakorik egongo ez balitz, txosten independentea egitea eskatu du. Informazioaz gainera, prozesu parte-hartzaile bat bideratzea aldarrikatu dute, "ahal den heinean, herritarrokaz erabakiak hartu, eta ideiak eta ekarpenak jasotzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun