Bihar, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dituzte Mungian: goizeko 11:30etan hasita, Aketxe, Jai Alai eta Abaroa tabernek hartuko dituzte hiru kanporaketak. Antolatzaileek, aratusteen giroa lagun, zaleak mozorrotuta joatera animatu dituzte. Denera, 12 bertsolari ibiliko dira kantuan: Malen Amenabar egungo txapelduna, Peru Berazategi, Aitor Esteban Etxebarria, Ortzi Garitano, Mikel Goiriena 2010eko txapelduna, Jon Larrabide, Ibon Larrazabal, Jone Larrinaga, Asier Legarreta, Etxahun Lekue 2002ko Ipar Uribeko txapelduna, Sergio Peña eta Jon Trontxe. Hiru kanporaketa bertso-poteoan jokatu ondoren, bazkalostean finala jokatuko dute Bataklan txokoan, 17:30etan hasita.
Aurreko urteokaz alderatuta, partaidetzan aldaketa nabarmena izango da, Algortako Bertsolari Eskolako leioaztarrek, Peru Vidal 2012ko txapelduna barne, ez baitute Uribe Butroen jardungo, Uribe Kostan baizik. Uribekostarrek martxoan ekingo diote txapelketari.
Zortzi Puntutan
Zortzi Puntutan ekimenaren helburua da eskualdea girotzea eta bertsogintzaren oinarria sendotzea. Bizkaiko txapelketara joango ez direnentzako bestelako plaza bat izango da, eta joango direnentzako entrenamendu aproposa, antolatzaileen esanetan.
Zortzi puntutan ekimenean eskualdeak berak hartzen du antolakuntza ardura eta berak erabakitzen du formatua ere, eskualdearen ezaugarrietara egokien datorren aukera baliatuaz. Eskualde batzuek girotze saioak egingo dituzte eta beste batzuek txapelketa formatua baliatuko dute.