Merinogaz batera Athleticeko beste 7 jokalari deitu dituzte Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri euskal selekzionatzaileek, Ajaccioko Ange Casanova futbol-zelaian jarduteko: Gorka Elustondo, Javier Eraso, Gorka Iraizoz, Ander Iturraspe, Mikel Rico Markel Susaeta eta Carlos Gurpegi. Andosillakoak partida baliatuko du agur emateko, San Mamesen zale zuri-gorrien aureran egin zuen legez. Eurekaz batera, selekzioaren jokalaririk beteranoena izango da, Xabi Prieto zuri-urdina. Realaren beste ekarpenak Yuri Berchiche, Markel Bergara, Mikel Gonzalez, Joseba Zaldua eta David Zurutuza izango dira. Eibarrek, ostera, lau jokalari utzi ditu: Jon Ansotegi, Ander Capa, Dani Garrido eta Asier Riesgo. Azkenik, Javi Garrido Las Palmasetik bidaiatu da Korsikako hiriburura.
Talde korsikarrean, 24 jokalari deitu ditu Cavalli entrenatzaileak. Gehienak irlako hiru klubetakoren batean dihardute: Gazelec Ajaccio, Bastia eta Ajaccio. Futbolaririk garrantzitsuena Remy Cabella izango da, Frantziako Ligan dabilena, Marsellako Olympique taldean. Sebastien Squillaci, berriz, hainbat taldetik pasatu da: Sevilla, Lyon, Arsenal eta Bastia. François Modesto atzelariak Monacon, Grezian eta Italian jokatu izan du.