Hezkuntza-komunitateko kide gehienek parte hartu dute prozesuan: neska-mutilek, gurasoek, irakasleek, langileek eta Udalak. Lau urtero egiten duten proiekturako hiru batzar egitea aurreikusi zuten, baina parte-hartze handiaren poderioz bederatzi egin dituzte azkenean.
Planteamendu pedagogiko berriaren arabera, neska-mutilak izango dira euren ikasketa-prozesuaren protagonistak eta hezkuntzaren lau zutoinak menperatzea izango dute erronka: ezagutzen, egiten eta elkarbizitzen ikastea eta, aldi berean, izaten ikastea.
Elortzako kideek apustu egin dute eskola euskaldun eta eleanitzaren alde, proiektu kohezitzaile, plural eta barneratzailearen bitartez. Zentroaren zereginak izango dira sormena bultzatzea, heziketa emozionala garatzea, ingurumenarekiko errespetua eta enpatia sustatzea eta justizia, elkartasuna eta errespetua zabaltzea. Bide horretan, zentroak bizitza parte-hartzaile eta komunikatiboa izango du, norberaren erritmoak bermatuz eta bakoitzaren autonomia erraztuz, umeek barruan daroatzan baloreak eta trebetasunak kanporatzen laguntzeko. Elortza eskola eraikina zabaltzearen zain dago, gela bi gehiago hartzeko.