Urrezko ezteiak ospatzeko, argazki-lehiaketa antolatu dute lehenengoz, eta, zelan ez, gaia “50. Rabu Txapelketa” izango da. Horretarako, argazkiak egiten eta jasotzen hasiko dira 08:30ean. Berantiarrak iratzartzeko, berriz, txistulariak kalerik kale ibiliko dira. Goizean, 09:00etatik 12:45era eman beharko dute izena rabu-txapelketan parte hartu gura dutenek. 11:00etako meza santuaren ostean, herriko Maria Asla Ugarte Amamari eta Pedro Celaya Eguren Aititari omenaldia egingo diete lehenengo, eta Txori-Alai elkarteko kide ohi zaharrenei, gero. 12:00etan izango da Iratxo Gorria dantza-taldearen erakustaldia; eta goiza are hobeto girotzen ibiliko dira Auspokalekoak. Bizkaiko barrenatzaileen liga txapelketaz ere gozatu ahal izango da 12:30ean; nagusientzat, ostera, hamaiketakoa eskainiko dute txosnan, 13:00etan; eta 13:30ean, aurkeztuko dituzte lapikoak txapelketako partaideek. Sariak 17:30ean banatuko dituzte, eta, amaitzeko, erromeria Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariakaz.